Iruñeko Auzitegiko Emakumeen aurkako Indarkeriaren Ataleko epaile batek espetxera bidali du Iruñeko Udaltzaingoak gaur goizean atxiloturiko 28 urteko gizona. Bere bikotearen aurkako sexu erasoak, ohiko tratu txarrak eta hura mehatxatu izana egotzi dizkio. Fidantza gabeko zigorra ezarri dio, ihes egiteko arriskua ezin delako baztertu.
Biktimak epaileari azaldu dionez, atzo jasan zuen erasoa, atxilotua haren etxera joan, indarrez sartu, eta labana batekin mehatxatu zuenean. Biktimak azaldu du bortxatu egin zuela, eta epaileak bere aginduan azaldu duenez, Nafarroako Ospitaleko larrialdietan eginiko ikuskaketaren emaitzak bat datoz haren lekukotzarekin. Froga horiek «ez datoz bat onarturiko sexu harreman batekin», ondorioztatu du. Halaber gaineratu du erasotzailearen azkazaletan aurkituriko biktimaren DNA laginak borroka egin izanaren zantzu direla.
Epaileak fidantza gabe espetxeratu du, delituek izan ditzaketen «zigor larriak» ikusita, ezin delako baztertu erasotzaileak ihes egiten saiatzea. Erasotzaileak ez du aurrekari penalik tratu txarrarengatik, baina zehaztu du horrek ez duela esan nahi aurretik antzeko erasorik egon ez zenik. Biktimak zehaztu du, besteak beste, bikote zirenean sakeleko telefonoko geolokalizazio aplikazio batekin «kontrolatzen» zuela.

