Ertzaintzak 36 urteko gizonezko bat atxilotu zuen astearte arratsaldean Muskizen (Bizkaia), indarkeria matxistarekin lotuta. Zehazki, bikotekideari mehatxu egitea eta haren senitarteko bati eraso egitea egotzi diote gizonezkoari. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak emandako informazioaren arabera, gizonezkoak bikotekideari eta haren senitarteko bati «mehatxu» egin zien elkarrekin autoan zihoazenean. Gainera, gizonezkoa hainbat aldiz saiatu zen atea zabaltzen autoa martxan zegoela, eta, horren ondorioz, biktimak autotik jaitsi behar izan zuen. Emakumeak Poliziari adierazi zion halako mehatxuak ohikoak zirela bikote harremanean.
Gertakarien ostean, gizonak alde egin zuen autoan, eta seme adingabea berekin eraman zuen. Handik gutxira, Abanto-Zierbena inguruan istripua izan zuen, eta bertan atzeman zuen Ertzaintzak. Atxilotuak, gainera, positibo eman zuen alkoholemia proban.