Foruzaingoak 47 urteko gizon bat atxilotu du, bikotekideari eraso egitea eta bide segurtasunaren aurkako delitu bat egitea leporatuta. A-68 autobidean atxilotu zuten gizona, Ribaforadako (Nafarroa) atsedenlekuan zeuden zenbait herritarrek 21:00ak pasatuta emandako abisuari esker. Zehazki, herritarrek jakinarazi zuten gizon batek harekin autoan zihoan emakumeari eraso egin ziola.
Autoz alde egin zuen bikoteak, baina lekukoek ibilgailuaren datuak eta ezaugarriak jaso, eta Poliziari helarazi zizkioten. Tuterako komisariako Herritarren Prebentzio eta Arreta Brigadako eta Trafiko Brigadak bilaketa operazioa aktibatu zuen, eta handik gutxira geldiarazi zuten ibilgailua, Ebroko autobideko 91. kilometroan. Behin autoa geldiarazita, foruzainek ikusi zuten gizonak gidabaimeneko puntu guztiak galduak zituela, eta, gainera, drogen atzemate proban, behin-behineko emaitzan behintzat, positibo eman zuen. Horrenbestez, genero indarkeriaz gain, bide segurtasunaren kontrako delitu bat ere egotzi diote. Â
Poliziaren esku hartzearen ondoren, ibilgailua geldiarazi, eta atxilotua Tuterako egoitzara eraman zuten, eginbideak amaitu eta epailearen esku uzteko.

