Gizon bat atxilotu dute Santurtzin, lapurtutako datuen salerosketarekin lotuta

Leak Base foroaren kontrako polizia operazioa egin du Europolek hamalau herrialdetan, eta Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak ere parte hartu dute. Lapurtutako datuak iruzurretarako eta zibererasoetarako erabiltzen zituzten.

Pertsona bat ordenagailu aurrean, artxiboko irudiak. BERRIA
Pertsona bat ordenagailu aurrean, artxiboko irudiak. BERRIA
14789412 kepa
Santurtzi
2026ko martxoaren 6a
12:14
Entzun 00:00:00 00:00:00

Leak Base foroaren kontra jo du Europolek hamalau herrialdetan, webgune horretan lapurtutako datu pertsonalak eros baitzitezkeen, gero iruzurretan edo zibererasoetan erabiltzeko. Besteak beste, Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak parte hartu dute polizia operazioan, eta haiek ezagutza tekniko aurreratuak zituzten bi erabiltzaile antzeman zituzten. Ustezko gaizkileek beren aztarna digitala ezkutatzeko eta aurkitzea zailtzeko sistema konplexuak erabiltzen zituzten. Atzeman ostean, horietako bat atxilotu dute Santurtzin (Bizkaian), eta haren etxea miatu. Coruñakoa (Galizia) da bestea, eta haren bila dabiltza.

Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak jakinarazi dutenez, bi atxilotuen etxebizitzetan material informatiko eta dokumentazio ugari atzeman dute. Leak Base datuen salerosketarako foro nagusietako bat zen; neurri handi batean konpainia handien baseetatik eta zenbait malwarerekin infektatutako etxeko ekipoetatik zetozen datuak. Datu horiek iruzurrak, ordezpenak eta zibererasoak egiteko erabiltzen zituzten.

Neurri handi batean konpainia handien baseetatik eta zenbait malwarerekin infektatutako etxeko ekipoetatik zetozen datuak

Joan den asteartean eta asteazkenean jarduera koordinatuak egin ziren hainbat herrialdetan, foroa desegiteko eta erabiltzaile aktiboenen aurka egiteko. Orotara, Espainia, Australia, AEB, Kanada, Belgika, Alemania, Grezia, Kosovo, Malaysia, Herbehereak, Polonia, Portugal, Errumania eta Erresuma Batuko polizia indarrek parte hartu zuten operazioan.

«Guztira, ehun jarduketa inguru egin dira, eta hainbat neurri hartu dira plataformako erabiltzaile aktiboenetako 37ren aurka». Foroaren datu basea konfiskatu dute, eta modu anonimoan lan egiten jarraitzen zutela uste zuten erabiltzaile asko identifikatu dituzte, polizia iturriek azaldu dutenez.

142.000 erabiltzaile

Foroa 2021etik zegoen aktibo, eta joan den abenduan 142.000 erabiltzaile, 32.000 argitalpen inguru eta 215.000 mezu pribatu baino gehiago zituen. Eduki gehiena ingelesez zegoen. Lapurtutako edo ezkutuan emandako datu baseen eta kredentzialen merkatu klandestino gisa jarduten zuen, eta datu pertsonalak erosi, saldu eta trukatzeko aukera eman. Informazio ugari biltzen zuen, hala nola mezu elektronikoak eta pasahitzak. Horiek denak banku kontuetan lapurtzeko, iruzurretarako eta sistema informatikoetan legez kontra sartzeko erabiltzen ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA