Espetxe zigorra eskatu dute gizon batentzat, ospitale batean andre bat bortxatzea egotzita

Arabako Auzitegiak beste zazpi urteko zigorra ezarri dio 2020an Gasteizen emazte eta amaginarreba ohiak hil zituen gizonari, haien etxea erretzeagatik.

Tuterako polizia etxea, artxiboko irudi batean. VILLAR LOPEZ / EFE
Tuterako polizia etxea, artxiboko irudi batean. VILLAR LOPEZ / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko maiatzaren 29a
10:55
Entzun

Fiskaltzak bederatzi urteko espetxe zigorra eskatu du gizon batentzat, buru osasuneko gaixotasun bat zeukan emakume bat bortxatzea leporatuta. Biak Gipuzkoako ospitale bateko Psikiatria Sailean zeuden akusatuak emakumea bortxatu zuenean. 2022ko azaroan gertatu zen sexu erasoa. Fiskaltzak nabarmendu du erasoa jasandakoak ez zuela gaitasunik libreki eta kontzienteki jarduteko, eta gizonak, aldiz, bazuela andrearen buru osasuneko arazoen berri hura bortxatu zuenean.

Horregatik eskatu du fiskaltzak bederatzi urteko espetxe zigorra eta beste sei urteko zaintzapeko askatasuna. Horrez gain, hamar urterako urruntze agindua ezartzeko ere eskatu du, eta hamabost urteko debekua adingabeekin harremana duten lanbideak izateko. 6.000 euroko kalte ordaina ordaindu dezala ere galdegin du.

Bestalde, Arabako Probintzia Auzitegiak zazpi urteko zigorra jarri dio 2018an bikotekide eta amaginarreba ohiak hil zituen gizonari, hilketaren egunean haien etxea erretzeagatik. 2018ko apirilaren 20an izan zen, Gasteizen: lehenik bi andreok hil zituen, eta ondoren su eman zion emazte ohiaren bizitokiari, «hura zigortzeko». Bi hilketengatik 47 urteko espetxe zigorra ezarri zioten 2022ko martxoan, eta orain beste zazpi urte eta sei hilabetekoa erantsi diote; bikotearen seme-alabei ere 60.000 euro inguruko kalte ordainak pagatu beharko dizkie gizonak, bai etxean eragindako kalteengatik —seme-alaben jabetzakoa baita orain—, bai «min psikikoagatik, suteak amaren eta amonaren oroitzapenak suntsitu baitzituen».

Auzitegiak frogatutzat jo du sua «nahita» eragin zuela gizonak; besteak beste, hiru lekutan piztu zuelako, eta gaineratu du eraikineko bizilagunen bizia arriskuan egon zela garren ondorioz, nahiz eta azkar itzali zituzten suhiltzaileek. Era berean, epaian hilketa matxistekin lotu dute sutea: «Azpiratze matxista baten aurrean gaude, eta horrek gehigarri bat eransten dio sute delituaren tipifikazioari».

Atxilotu bat

Horrez gain, gizon bat atxilotu zuten atzo arratsaldean Tuteran (Nafarroa), emazteari eraso egitea leporatuta. Erasotzaileak 42 urte ditu, eta indarkeria matxistako delitu bat egin izana leporatu diote, Tuterako Udaltzaingoak jakinarazi duenez. Gizona 15:00etan atxilotu zuten, eta Udaltzaingoaren egoitzara eraman, epailearen aurrean deklaratu aurretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu