Ertzainek gizon bat emakume baten gainean eta hura itotzeko ahaleginak egiten aurkitu dute gaur goizaldean Donostiako etxe batean. Erasoa geldiarazi dute eta gizona atxilotu egin dute. Emakumea konortea galduta zegoen, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zehaztu duenez. Geroago konorteratu da eta osasun zentro batera eraman dute. Han artatu dute eta sendagiria eman diote.
Herritar batek eman dio erasoaren berri Ertzaintzari. Gaur 03:10ean telefonoz deitu polizia etxera, esanez Donostiako etxe batean gizon bat emakume bati eraso egiten ari zitzaiola. Gizonak 26 urte ditu eta atxilotu egin dute. Genero indarkeriaren eremuan hilketa saiakera egotzi diote. Emakumeak 24 urte ditu.
Hamar hilabeteko kartzela zigorra
Paueko (Okzitania) auzitegiak hamar hilabeteko kartzela zigorra gibelapenarekin ezarri zion atzo Mauleko gaztandegi bateko langile eta ordezkari sindikal ohi bati, bi lankideri sexu jazarpena eta sexu erasoak egiteagatik. Beste hiru emakumek ere aurkeztu zuten gizonaren kontrako salaketa, baina salatutako erasoak 2018koak ziren, eta delituek preskribatu zuten, Ici Pays Basque irratiak jakinarazi duenez. Zigortua, 57 urteko gizona, sexu delituen egileen zerrendan sartuko dute eta ezingo du emakumeekin harremanetan jarri hiru urtean.
Emakumeek Ici Pays Basqueri adierazi diotenez, sexu jazarpena eta sexu erasoak salatu zituztenean lankide askok ez zieten sinistu, eta gizona zigortzea nahi zuten, erasoak egin zituela erakusteko: «Auzitegia entzun nahi genuen esaten biktimak garela eta ez genuela gezurrik esan».

