Gizon bat espetxeratu dute, ustez hiru emakumeri sexu erasoak egiteagatik Gorlizen

Buru beroki bat jantzi eta ezustean eraso egiten zien gauez, etxerik eta jenderik gabeko lekuetan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera. Ertzaintzak ez du ikerketa itxi, baliteke-eta biktima gehiago egotea.

jakes goikoetxea
2026ko irailaren 8a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

22 urteko emakume batek salatu zuen sexu eraso bat egin ziotela irailaren 3an Gorlizen (Bizkaia). Etxera bueltan zihoan, goizaldean, etxerik eta jenderik gabeko leku batetik. Jabetu zen gizon bat atzetik jarraika zuela. Geroago, gizon hori sexu eraso bat egiten saiatu zen, buru berokia jantzita. Emakumeak aurre egin zion, indarka aritu ziren, eta gizonak ihes egin zuen, inguruko bizilagun bat agertu baitzen emakumeari laguntzera. 

Emakumeak salaketa jarri eta gero, Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen. 24 urteko gizon bat identifikatu zuten erasoen ustezko egile gisa, eta iragan larunbatean atxilotu zuten. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, gizonak aitortu zien antzeko eraso bat egin zuela abuztuaren 8an. Buru berokia jantzi eta emakume bati sexu eraso bat egiten saiatu zen. Emakumeak oihu egin zuen, eta erasotzaileak ihes. Ertzaintzak bigarren erasoaren biktima identifikatu zuen, 21 urteko emakume bat, eta emakumeak salaketa jarri du. Segurtasun Sailak gehitu du beste emakume bati ere sexu erasoa egiten saiatu zela, irailaren 3ko gauean bertan. Emakumea ibilgailu batera sartu zen, eta erasotik ihes egitea lortu zuen. 

Gizona epailearen esku jarri zuten atzo goizean, eta epaileak espetxeratzeko agindu zuen. Ertzaintzak ez du ikerketa itxi, baliteke-eta gizonaren biktima gehiago agertzea.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA