Gizon bat eta emakume bat atxilotu dituzte Gipuzkoan, adingabe bat prostituitzea leporatuta

Neska adingabearen senideak dira; Donostian atzeman dute bata, eta Oiartzunen bestea. Ustez, diruaren truke sexu topaketak antolatu eta errazten zituzten. Behin-behinean espetxeratu dituzte.

Sexu eraso bat salatzeko elkarretaratzea Errenterian, artxiboko irudi batean. BERRIA
Sexu eraso bat salatzeko elkarretaratzea Errenterian, artxiboko irudi batean. BERRIA
edurne begiristain
2026ko irailaren 23a
14:04
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ertzaintzak 43 urteko gizon bat eta 32 urteko emakume bat atxilotu ditu, neska adingabe bat prostituitzea leporatuta. Donostian atxilotu dute gizonezkoa, eta Oiartzunen (Gipuzkoa) andrazkoa. Biak adingabearen senideak dira, eta, ikerketaren arabera, dirua jasotzen zuten sexu topaketak antolatu eta errazteagatik. Epaileak behin-behinean espetxeratzeko agindua eman du.

Ertzaintzak abuztuan abiatu zuen kasuari buruzko ikerketa, Lasarte-Orian (Gipuzkoa) adingabe baten kontrako sexu eraso baten salaketa jaso zuenean. Gertaera horrengatik, 57 urteko gizon bat atxilotu zuten orduan. Delitu haren ikerketaren barruan, ordea, adingabea biktima nola bihurtu zen argitzeko beste ikerketa ildo bat zabaldu zuten.

Ertzaintzak jakin zuen sexu topaketak diruaren truke egiten zituztela. Gainera, ez zen adingabearekin gertatzen zen lehen aldia; aurretik ere diru ordainketak adostu zituzten sexu topaketak antolatzeagatik, ikerketaren arabera. Ertzaintzaren esanetan, adingabearen bi familiartekok antolatzen zituzten topaketak. Haiek errazten zituzten kontaktuak, eta haietako batek bere ibilgailuan eramaten zuen adingabea.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA