Donostiako Amara auzoko Filipe IV.aren kalean La Caixak duen bulegoan lapurreta bat egiten saiatu ziren atzo, eta ustezko lapurretako bat hil egin zen, ertzainekin izandako tiroketan. Ertzainetako bat ere zauritu zen. Hildakoa 56 urteko gizonezkoa zen, sortzez madrildarra.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak emandako datuen arabera, 14:00 aldera gertatu ziren lapurreta eta tiroketa. Bi gizon bankuaren bulegora sartu ziren, lapurreta egiteko asmoz. Lekuko batek kontatukoaren arabera, orduan sei pertsona zeuden bulegoan: hiru bezero eta beste horrenbeste langile. «Oso gaizki pasatu dugu. Lurrean etzan behar izan dugu, bata bestearen gainean. Beldur ginen baletako batek emango ote zigun. Hasieratik, lapurrek esan digute nahi zuten bakarra dirua zela, eta tontakeriarik ez egiteko», azaldu du.
Ertzaintzak, bankuan gertatzen ari zenaren berri izandakoan, patruila bat bidali zuen bertara. Ertzainak bulegora sartu zirenean, tiroketa bat izan zen ustezko bi lapurren eta ertzainen artean. Ustezko lapurretako bat oso larri zauritu zen tiroketan. Larrialdi zerbitzuak bertaratu ziren, eta hura onera ekartzen ahalegindu ziren, baina bertan hil zen. Ertzainetako bat ere zauritu zen tiroketan, eta Donostia Ospitalera eraman zuten. Balen kontrako txalekoan sartu zitzaion bala bat, eta zauria egin zion. Arriskutik kanpo dago, hala ere. Ustezko beste lapurra atxilotu egin zuten; 63 urteko gizon bat da. Lekukoen arabera, hildako gizona izan zen tiro egin zuen lehena.
Ertzainek itxita eduki zuten bulegoaren ingurua ordu batzuez, zer gertatu zen argitu ahal izateko ikerketa haste aldera. Bezeroak eta langileak inguruko mintzatoki batera eraman zituzten, deklarazioa hartzeko. Duela lau hilabete beste lapurreta bat izan zen Amarako beste banku batean.
Gizon bat hil da tiroketa batean, ustez Donostiako banku bat lapurtzen ari zela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu