Gizon bat hil dute tiroz jota Azpeitian, eta tiratzailearen bila ari dira oraindik

Lekukoen arabera, zenbait tiro egin dizkiote auto batetik, eta, larrialdi zerbitzuak hura suspertzen saiatu badira ere, hil egin da. Tiratzaileak ihes egin du.

Tiroketa gertatu den lekua, Azpeitian. URTZI OTEIZA / GUKA
Tiroketa gertatu den lekua, Azpeitian. URTZI OTEIZA / GUKA
Irati Urdalleta Lete - Mikel P. Ansa
2026ko irailaren 2a
08:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gizonezko bat hil dute tiroz jota Azpeitian (Gipuzkoa), astearte iluntzean. Ertzaintzak BERRIAri baieztatu dionez, suzko arma batekin tiro egin diote, eta ikerketa zabalik daukate. Tiratzaileak ihes egin du. Ertzaintzak hura bilatzeko operazio bat jarri du abian, eta Azpeitian eta inguruetan zenbait kontrol jarri. Lehen hamabi orduak pasatuta, baina, oraindik ez dute atzeman, eta haren bila ari dira oraindik.

Azpeitia Guka hedabidearen arabera, 20:15 aldera izan da tiroketa, eta gizonezko bat larri zauritu dute. Artzubia kalean gertatu da, biribilgune batean, Garmendipe futbol zelairen eta zezen plazaren artean.

Lekukoek ikusitakoa bildu du hedabide horrek, eta, horien arabera, auto batek beste bat jo du atzetik, biribilgunean; jotako autoa taxi bat zen, Mercedes beltz bat, eta hartan zihoana autotik atera da, eta, orduan, atzetik kolpea eman dionak tiro egin dio. Lekuko batzuek bospasei tiro hots aditu dituzte. Gero, ihes egin du tiratzaileak.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak prentsa ohar labur bat zabaldu zuen bart gauean, xehetasun gehiago eman gabe.

Larrialdi zerbitzuak joan dira bertara, eta zauritutako gizona suspertzen ahalegindu dira lekuan bertan, baina, azkenean, hil egin da. Hilotza gauerdi inguruan eraman dute, egin beharreko azerketak egin ondoren. 30 urte inguruko herritar bat da hildakoa, eta hilketak samina eragin du Azpeitian.

Azpeitiko alkate Nagore Alkortak mezu bat zabaldu du asteazken goiz honetan. Eskatu du «errespetuz eta zuhurtasunez» jokatzeko, gogora ekarri du ikerketa abian dagoela oraindik, eta laguntza eta babes osoa eskaini dio hildakoaren familiari.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA