Iruñeko Mercaderes inguruko kaleak itxi dituzte gaur goizean, gizon bat etxe batean gotortu dela eta; dagoeneko zabalik daude, eta ez dute inor topatu etxebizitzaren barruan. Foruzaingoak adierazi duenez, indarkeria matxistako kasu bat izan zitekeen. Zehazki, kale hauek itxi dituzte: Txapitela, Estafeta, Nabarreria, Kuria, Kaldereria, Maiatzaren 2aren kalea eta Mañueta.
Poliziak 10:00 aldera jaso du etxebizitzara joateko abisua, eta, bertaratu direnean, Udaltzaingoak eta Foruzaingoak abian jarri dute segurtasun operazio bat; Foruzaingoko Esku Hartze Berezietarako Taldea ere bertan egon da. Azaldu dutenez, operazioa bukatu arte ezin dute informazio gehiagorik eman, baina aurreratu dute indarkeria matxistako kasu bat izan daitekeela. Izan ere, etxebizitzan gotortuta dagoen gizona emakume bat jarraitzen ari zitzaion kalean, baina andrea Hizkuntza Eskolara joan da laguntza eske. Halere, polizia etxebizitzara sartu denean ez dute inor aurkitu.

