Nafarroako Justizia Auzitegiaren Bigarren Atalak lau urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio 43 urteko gizon bati, bikotekidearekin izandako sexu harremanak haren baimenik gabe grabatu eta beste emakume bati erakusteagatik. Horrez gain, bederatzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio emakumeari emandako ukabilkadagatik eta zaplaztekoagatik. Ukabilkadarekin hortz bat hautsi zion andrazkoari.
Auzitegiak hiru urte, sei hilabete eta egun bateko espetxe zigorra ezarri dio gizonari, sekretuak aurkitu eta ezagutarazteko delituagatik, eta beste bederatzi hilabetekoa, tratu txarrengatik. Halaber, ezin izango da biktimarengana hurbildu, ezta harekin komunikatu ere, zortzi urtez. Emazte ohiari 1.900 euroko kalte-ordaina eman beharko dio. Epaiaren aurkako helegitea aurkez daiteke Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian.
Epaiak frogatutzat jo du 2023ko maiatzaren 24an gizonak eta haren bikotekideak sexu harreman adostuak izan zituztela, baina gizonak emakumearen baimenaren kontra grabatu zituela. Auzitegiaren arabera, argazkiak eta bideoak ezkutuko gailuen bidez grabatu zituen, emakumearen baimenik gabe eta haren intimitatea urratzeko asmoz, nahiz eta sexu harremanak adostuak izan. Ekainaren 1ean, bideoa eta hainbat argazki beste emakume bati erakutsi zizkion. Egun horretan bertan, eztabaida baten ondoren, gizonak ukabilkada bat eman zion emakumeari aurpegian eta hortz bat hautsi zion; zaplazteko bat ere eman zion masailean.
Apirilean epaitu zuten gizonezkoa auzi horrengatik, eta orduan Fiskaltzak hamahiru urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra eskatu zuen haren aurka. Akusazio partikularrak, berriz, sexu erasoak egitea egotzi zion gizonari, baina auzitegiak delitu horiengatik absolbitu egin du akusatua. Hala ere, epaimahaiaren arabera, frogatuta geratu da biktimak gizonaren mehatxuak jasaten zituela, eta, beraz, ondorioztatu du emakumea «segurtasunik gabe» bizi zela, gizonaren «etengabeko kontrolpean».

