Bizirik erreskatatu zituzten, baina bietako bat hil egin da: 20 urteko gizon bat eta 25 urteko emakume bat erreskatatu zituzten atzo Beriaingo (Nafarroa) Morea urtegian. Nafarroako Ospitale Unibertsitariora eraman zituzten, oso larri. Gizona bertan hil da, eta emakumea, berriz, larri dago oraindik.
Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak EFE albiste agentziari baieztatu dio gizona hil dela. Bi gazteak atzo 17:30 aldera erreskatatu zituzten. Konorterik gabe zeuden.
Ezbeharraren ostean, Foruzaingoak Moreako urtegiaren arriskuez ohartarazi du: sei eta zortzi metro arteko sakonera du, eta hondo lohitsua eta aldapa handikoa. Gainera, arriskua dago haizeak edo bainularien mugimenduak eragindako olatuek sedimentua altxatzeko eta, hala, nabarmen zailtzeko ur azpian zer dagoen ikustea.