Kirola egin izan du gaztetatik, eta kirola izan du ikergaietako bat, EHUren Antropologia Fakultatean eta AFIT antropologia feminista ikerketa taldean egindako ibilbide luzean. «Sozializazio prozesuan, indar handia duen elementua da kirola», esan du Carmen Diez Mintegik (Donostia, 1948). Eta batik bat nerabeen eta gazteen gizarteratzeari erreparatuta, maskulinitatearen eraikuntzan ezinbesteko instituzioa dela ondorioztatu du.
Teresa del Valle zenarekin batera hasi zinen ikertzen emakumeen egoera, botererik ezerako sozializazioaren ideiaren bueltan. Zer lotura du kirolarekin?
Mujer vasca. Imagen y realidad [Euskal emakumea. Irudia eta errealitatea] liburuan hasi ginen boterea aztertzen. Hura argitaratu eta gero, 1980ko hamarkadaren amaieran, Celia Amoros filosofoak Teresari deitu zion, boterearen gaian sakontzeko diziplinarteko ikerketa bat muntatu nahi zuelako, eta orduan hasi ginen lantzen sozializazioaren inguruko ideia hori. Nik landa lana egin nuen jolasen inguruan, neskak eta mutilak nola jolasten ziren. Garai hartan, Marina Subiratsek oso liburu interesgarria publikatu zuen Katalunian, Rosa y azul [Arrosa eta urdina], eta han oso ondo azaldu zuen eskolan nola zegoen antolatuta jolasa: mutilek futbolean eremu osoa hartzen zuten, eta neskak bazterretan egoten ziren; horrek berdin jarraitzen du toki askotan. Aldi berean, kirol berriak agertu ziren, surfa eta skatea, baina, feminismoaren ondorioz gauzak aldatzen ari ziren arren, neskarik ez zen sartzen kirol berrietan. Orduan hasi nintzen kirol sistema ikertzen; futbolaren adibidea hartu nuen Gipuzkoan, eta konturatu nintzen hura muntaia bat zela: mutilek bakarrik jokatzen zuten futbolean.
Zer ondorioztatu zenuen futbolari buruzko ikerketa hartan?
Futbolaren azpiegitura aztertu nuen, 8 urtetik Realeraino. Piramide bat da, non talde pila bat dauden herri guztietan, eta piramidearen puntara oso gutxi iristen dira, baina prozesuan eraiki egiten da haien maskulinitatea. Izan ere, Celia Amorosek idatzi zuen gizonak, maskulinitatea eraikitzeko, bi aldiz jaiotzen direla: lehena, ama erditzen denean, eta bigarrena, halako estruktura maskulinoetan sartzen direnean; hor eraikitzen dira berdinen arteko harremanak gizonen artean. Gizona gizon bihurtzeko errituala da, orokorrean, kirola, eta zehazki, futbola; eta oso txikitatik gertatzen da hori.
Hasieran intuizio baten modukoa zen, baina Renoko Unibertsitateko Men’s Studies-en aztertua zuten nola eraiki zen kirola XIX. mendearen bukaeran maskulinitatea sendotzeko azpiegitura bezala. Orduko gizarte industrialetan, haurrak amek hezten zituzten etxean, eta beldur ziren horren eraginez mutilak bigunduko zirela; hortik sortu zuten kirol azpiegitura. Eta gaur egun ere, kirol eremuan, genero sistema eta botere maskulinoa erreproduzitzen dira.
«Neska bat oso ona bada futbolean, hasteko, bere burua arraro ikusiko du; gorputza aldatuko zaio, eta, gainera, mutilak segituan hasiko dira baloia ez pasatzen; eta horrek ekar dezake uztea»
Beraz, kirola eremu garrantzitsua da sozializazioa aztertzean.
Bai, guztiz. Mujer vasca ikertu genuenean, jada ohartu ginen indarraren ideiak zeukan garrantziaz, gehienbat gizonekin lotuta. Eta kirola indarraren erritualizazioa da, indarra erakustea: estropadak, harri jasotzea... Eta, gainera, mutilek ikasten dute protagonista izaten, jendea haiei begira edukitzen. Noski, futbolaren piramidean gora egin ahala, mutil asko geratzen dira kanpoan; aztertzekoa litzateke horrek zer ondorio dakarren haien maskulinitatean. Zeren kirolean batez ere lehia sustatzen baita: ea zenbat jokalari on ateratzen diren. Mentalitate hori dago, oso kirol profesionalera bideratuta, eta ez kirola egitera praktika gisa eta ondo pasatzeko. Azken urteetan pixka bat aldatzen ari da, eskola kirolarekin: nabarmentzen ari gara kirola egitea ona dela gorputzarentzat, boteretzeko...
Instituzio hori nola islatzen da gaur egun umeen eta nerabeen bizitzan?
Desoreka handiak daude oraindik. Futbolean, mutilek 8 urterekin oso ondo jokatzen dute, eta neskek, ez, orokorrean; mutilak aurretik ere asko aritzen direlako, eskolan eta kanpoan, eta neskak gutxiago. Eta zuzeneko sozializazio horretaz gain, sareetan eta telebistan zer ikusten dute? Batez ere gizonen kirola. Umeek hor ikusten dituzte beren ereduak. Alde horretatik, mutilek ez diote buelta askorik eman behar buruari, baina neskek bai: neska bat oso ona bada futbolean, hasteko, bere burua arraro ikusiko du; gorputza aldatuko zaio —eta oraindik emakumeen gorputzaren gaineko presio handia dago—, eta, gainera, mutilak segituan hasiko dira baloia ez pasatzen; eta horrek ekar dezake uztea.
Hain justu, nerabezaroan, 12-14 urteetatik aurrera, neska askok utzi egiten dute kirola. Zergatik?
Gipuzkoako egoera aztertu genuenean, hainbat arrazoi ikusi genituen. Batetik, eskola kirola adin horretan amaitzen da, eta klub egitura batera pasatu behar dute; trantsizio hori ez dago oso ondo muntatuta, ez dago informazio askorik, eta, gainera, ez da nesken talderik ia ateratzen, klubek ez dutelako dirurik eta azpiegiturarik... Bestetik, neskek ere esaten dute bigarren hezkuntzan jada ez dutela astirik; ikasketak lehenesten dituzte. Eta inguruak ere ez du laguntzen: etxean neskek esaten dutenean ez dutela kirolean jarraituko, ez da ezer gertatzen, eta nesken kuadrilletan ere batzuetan kirolari bakarrak dira. Ez da erraza haientzat. Gainera, 18 urterekin dauden taldeak ia profesionalak dira; ez da sustatzen aisia kirola, dena da lehia, eta asko ez dira eroso sentitzen giro horretan, protagonista izaten, eta lorpenetan oinarritutako kirol eredu horretan. Lehiak ez baitu zertan txarra izan, baina egun sekulako presioa dago: garrasiak... Beraz, neskak beste kirolen bat egiten hasten dira, batez ere kirol indibidualak.

Mutilak errazago bultzatzen dira kirola egitera?
Bai, baina uste dut pixka bat aldatu dela, etxe askotan ikusi dutelako kirola egitea ona dela. Dena den, nerabetan uzten dutenean, argi ikusten da desberdintasun bat: mutil batek esaten duenean ez duela futbolarekin jarraitu nahi, etxean esaten diote beste kirol bat egiteko; eta neskei, bakarrik bikainak badira; bestela, ez zaio hainbesteko garrantzirik ematen. Gogoan dut Mariasun Landak behin galdetu zuela ea zer gertatzen zaien neskei 12-13 urterekin, izugarri aldatzen baitira: azkarrak dira, zoriontsuak, eta bat-batean, isildu egiten dira, eta aparte geratzen dira. Nire ustez, orduan konturatzen dira mundua nolakoa den: ikusten dute ezin direla izan mutilak baino gehiago, ezin zaizkiela gailendu, esaten dietelako ikasnahiak direla, edo marimutilak, eta atzerapauso bat ematen dute ez nabarmentzeko. Umetan ez zaie inporta, familia giroan aske samar hazi badira, baina adin horrekin...
Gorputzaren gaineko presioa ere aipatu duzu. Neskengan nabarmenagoa da?
Bai, izugarria da. Tolosan eginiko ikerketa batean, nerabeei galdetu genien zer neurritan zeuden pozik euren gorputzarekin; mutil ia guztiek bikain ikusten zuten, eta neskek justu ematen zioten nahiko bat; ez zeuden gustura. Behin eta berriro egiten dizkiete gorputzari buruzko iruzkinak, aldatuko zaiela, hola edo hala geratuko direla... Duela gutxi amona bati entzun nion: «Ez egin korrika horrela; neskek ez dute hori egiten». Sozializazio prozesuak oso gogorrak izan daitezke, zurrunak, eta indarkeria asko egon daiteke; neskentzat, eta mutilentzat ere bai. «Hori ez egin». Hezteko modu bat ere bada, baina genero ideologiaren araberakoak dira agindu asko, nola ikusten dituzun emakumeak eta gizonak.
«Duela berrogei urte, gizonezko atletek ez zituzten egiten orain egiten dituzten markak. Bada, emakumeei ezin zaie eskatu berehala iristea marka horietara; besteak beste, oraindik ere zailtasun asko dituztelako»
Duela oso gutxi arte, txarto ikusita egon da emakumeek kirola egitea, eta debekatua ere izan dute, adibidez, Olinpiar Jokoetan parte hartzea. Ukazio horrek zer arrasto utzi du?
Kirolaren garapenean, arrasto handia. Batzuek esango dute emakumeak badaudela olinpiar jokoetan, eta ea zergatik ez dituzten markak hausten, baina ez dira kontziente kirola ere prozesu bat dela, eta gauza batzuk ezin direla bat-batean lortu. Batetik, gizonen kirola indartsuagoa delako: gorputz maskulinoaren indarraren naturalizazioan oinarritzen da, eta emakumeen kirola horren atzetik doa, neskak egitura guztiz maskulino eta androzentriko batean sartzen baitira. Eta, bestetik, gizonek ere garapen progresibo bat izan dutelako: duela berrogei urte, gizonezko atletek ez zituzten egiten orain egiten dituzten markak. Bada, emakumeei ezin zaie eskatu berehala iristea marka horietara; besteak beste, oraindik ere zailtasun asko dituztelako. Emakumeek ere behar dute progresibitate hori: ez dakigu noraino helduko garen.
Azken hamar urteetan, futbolean eta beste kirol batzuetan emakumeen kirolak garrantzia hartu du, eta ikusgaitasuna. Neskek erreferenteak izateak erraztu al dezake haien bidea?
Bai, oso garrantzitsua da ereduak izatea, baina posibilitateak ere baldin badaude. Neskek ez badute aurkitzen toki goxo bat hasteko, jarraitzeko eta garatzeko, bertan behera geratuko da. Emakumeen kirolaren historian oso ohikoa izan baita bertan behera geratzea ekipo oso onak, eta hala izango da aurrerantzean ere. Klub batean arazo ekonomikoak baldin badaude, eroriko den lehena nesken taldea izango da. Beraz, oso garrantzitsuak dira erreferenteak, baina testuinguruak erraztu egin behar du.