Gasteizen andre batek eraso bat jasan duela jakinarazi du gaur Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Adierazi duenez, astearte iluntzean gizon batek bortxaz tratatu zuen andrazko bat, hiriko etxebizitza batean, eta orain akusatu egin dute gizonezkoa, sexu eraso bat egitea leporatuta. Erasoa gertatu eta hurrengo egunean jarri zuten salaketa horren berri emateko, eta horren harira abiarazitako ikerketaren ondorioa izan da inputazioa.
Ohar bat plazaratu du gaur Gasteizeko Udalak. Biktimari «babesa» erakutsi nahi izan dio, eta gogora ekarri du erabateko gaitzespena erakutsi behar dela erasoak gertatzen direnean. Hori gogoan hartuta, elkarretaratze baterako deia egin du: astelehenean izango da. Mugimendu feministak antolatuko dituen mobilizazioetan ere parte hartzera deitu du. Udalak protokolo bat du eraso matxistak izaten direnerako, eta abiarazi egin dute; protokolo horren ondorioz egingo dute elkarretaratzea. Bost minutuko etenalditxo bat izango da, Plaza Berrian, 11:30ean. Leloa hainbatetan erabili izan dute aurretik ere: Gasteiz eraso matxisten aurka. Emakundek ere egin du protesta horretara joateko deia.
Protokoloak zedarritutako irizpideei lotuta, udalak gogora ekarri du, baita ere, harremanetan jarri dela biktimarekin, eta halakoetarako atonduta dituen baliabide guztiak eskaini dizkiola. Funtsean, bortxa matxistaren muinean emakumeak «mendekotasunean» eduki nahi dituen sistema bat dagoela gogoratu du, eta hori errotik aldatzeko ahalegina egin behar dela.
Barakaldoko udaltzainek (Bizkaia), bestalde, han gertatutako eraso baten berri eman dute. Ostegunean laguntza eske atera zen andre bat etxeko leihora. Atea hautsi behar izan zuten poliziek etxe barrura sartzeko, eta emakumeak hainbat zauri zituen ordurako. Harekin zegoen gizonezkoa atxilotu zuten, erasotzailea izatea egotzita. Libre utzi du orain epaileak, kautelazko neurriekin.