Atzo eguerdian 40 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Donostiako Egia auzoan, emakume bati sexu abusuak egitea egotzita. Eusko Jaurlaritzako segurtasun sailak jakinarazi duenez, gizonezkoak «izaera sexualeko ukituak» egin zizkion emakumeari, eta jarrera «lizuna» izan zuen. Emakumeak gizonezkoari izan zituen jarrerak aurpegiratu zizkion, eta abisu eman zion Ertzaintzari.
Donostiako Mandasko dukearen pasealekuan atxilotu zuen poliziak ustezko erasotzailea, abisua jaso eta gutxira. Atxilotuak aurrekariak zituen hainbat deliturengatik. Gaur goizean jarri dute epailearen eskuetan.