Eguesibarko Udaltzaingoak gizonezko bat atxilotu du arratsalde honetan, Sarrigurenen (Nafarroa), bikotekidearen alaba adingabeari sexu eraso bat egitea egotzita. Foruzaingoa ere joan da gizonezkoa, bikotekidea eta haren alaba bizi diren etxebizitzara, eta gizona polizia etxera eraman dute. Hura bihar edo astelehenean igaroko da epailearen aurretik.
Poliziari emandako bertsioaren arabera, bikotekidea etxetik atera den une bat baliatu du gizonezkoak adingabeari eraso egiteko. Hala, sexu erasoen kontrako protokoloa jarri dute martxan, eta biktima Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dute, arta jaso dezan.