Gasteizko Udaltzaingoak 41 urteko gizonezko bat atxilotu zuen joan den ostiralean, Zabalgana auzoko bere etxebizitzan emakume bati sexu erasoa egitea egotzita. Poliziak ohar baten bidez jakinarazi du biktimak bortxaketa salatu zuela: udaltzainek dagokion protokoloa abiatu zuten, eta emakumea ospitalera eraman, azter zezaten. Biktimak salaketa jarri eta udaltzainek ikertu ondoren, ustezko bortxatzailea aurkitu eta atxilotu egin zuten.
Atzo beste gizonezko bat —34 urtekoa— atxilotu zuen Gasteizko Udaltzaingoak, oraingoan bikotekide ohia etxean giltzapetzea eta labana batekin mehatxatzea leporatuta. 09:00ak aldera eman zuten abisua Sansomendi auzoko bizilagunek: udaltzainak hara iritsi zirenean, zenbait herritarrek jakinarazi zieten gizon bat beste batekin borrokan aritu zela kalean, eta bizilagun batek labana kendu ziola. Ondoren, ustezko erasotzailea etxebizitza batean sartu zen: hara jo zuten udaltzainek, baina, hasieran, gizonak ez zien atea ireki nahi izan. Atea zabaldu zuenean, berriz, oso oldarkor agertu zen, Udaltzaingoak ohar batean jakinarazi duenez. Poliziei erasotzeko ere agindu omen zion txakur bati.
Laguntza eske komunetik
Atxilotu ondoren, udaltzainek egiaztatu zuten bikotekide ohia etxean giltzapetuta zeukala, eta labana batekin mehatxu egin ziola. Biktima komunean giltzapetu zen, eta handik laguntza eskatu zien lagunei eta Poliziari.
Tuteran, berriz, Udaltzaingoak 35 urteko gizon bat atxilotu zuen ostiral eguerdian, 29 urteko emakume baten lantokira ez hurbiltzeko agindua urratu zuelako. Polizia iturriek zehaztu dutenez, gizona lehen ere atxilotua zuten urruntze agindua urratzeagatik.

