GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak bi mobilizaziotara deitu du urtarrilaren 31rako. Bilbon eta Iruñean egingo dituzte, «faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka». Bizkaiko hiriburuan egindako agerraldian, adierazi dute «urgentziazkoa» dela «susperraldi antifaxista bat», eta horretarako urrats gisa aurkeztu dituzte mobilizazioak. Hala, haiekin bat egiteko deia egin diete «gazte langileei».
Antolakundeak egoeraren gaineko bere azterketa aurkeztu du: adierazi dute Europa osoan nabari dela faxismoaren gorakada, eta lurralde anitzetan alderdi erreakzionarioak izaten ari diren susperraldia jo dute horren adibide gisa. «Herrialde batzuetan gobernura iristea lortu dute, eta gainontzeko guztietan gero eta botere instituzional handiagoa eskuratzen ari dira», salatu dute, besteak beste, Alemaniako, Italiako, Hungariako, Frantziako eta Espainiako kasuak aipatuta.
Gainera, instituzioetatik harago, kalean ere indarra hartzen ari direla nabarmendu dute, «talde biolentoen» bidez. Horren adibidetzat jo ditu zenbait talde: Vox, Falange eta Desokupa. Talde horiek zenbait egitasmo egin izan dituzte Euskal Herrian ere.
Izan ere, Euskal Herria ez dago «joera horietatik kanpo», beste lurralde batzuetan baino «zarata gutxiago» egiten badute ere. Are gehiago, salatu dute badela «euskal nortasunaren izenean» agertzen ari den faxismo mota bat ere: «Bai sare sozialetan, bai kaleko hormetan; eta mezu arrazista, supremazista eta matxisten eroale da».
Hala, ideia erreakzionarioak, estatuen erreforma autoritarioak eta faxismoa bera indarra hartzen ari diren garai honetan, lehentasun gisa aurkeztu dute horien aurkako kontzientzia garatzea, kontrakoak ideia horiek normalizatzea eragin dezakeelako. «Erakutsi behar dugu Euskal Herrian badela faxismoari gauzak erraz jarriko ez dizkion indar handi bat», nabarmendu dute, eta hari aurre egiteko deia egin, «datorren tokitik datorrela» ere. Hala, kaleak faxismoaren kontrako mezuz betetzeko eta ahalik eta gazte gehien mobilizatzeko asmoa dute.
Ez dira alternatiba
Koordinakundearen esanetan, faxismoaren aurkako borroka «kapitalismoaren eta inperialismoaren aurkako» borrokaren eta «langileen bizi baldintzen aldeko agendaren» parte da. Argudiatu dutenez, indar atzerakoi horien gorakada ez baita ezerezetik iritsi. AEBetako eta Europako «oligarkia atlantistak» jo dituzte indar horien sustatzailetzat, eta, «Europa gainbeheran» dagoen eta «gerra testuingurua intentsifikatzen» ari den honetan, eskuin muturreko alderdi zein komunikabideak finantzatzea egotzi die, estatuek «norabide autoritario bat» hartzeko helburuz.
GKSko eledunen esanetan, horren xedea zera da, langileen eskubide kolektiboak ezeztatuko lituzkeen eta poliziek «inpunitate handiagoz» jardungo luketen estatu eredu bat bultzatzea. «Prozesu horretan faxismoak funtzio estrategikoa betetzen du», gehitu dute.
Horrenbestez, GKSk helburu gisa jarri du mugimendu faxistei aurre egitea. Horretarako, adierazi du aurrerantzean ekinaldiak egingo dituztela indar horiek «langile klasearentzat alternatiba» ez direla azaleratzeko, argudiatuta langile klasearen, herri zapalduen eta kolektibo gutxituen kontrako «gorroto ideologia» bat sustatzen dutela: «Ideia matxistak, arrazistak, supremazistak, ultranazionalistak, gerrazale eta inperialistak eta, oro har, klasistak eta baztertzaileak».
Bide horretan, urrats bat egin nahi dute urtarrilaren amaierarako deitutako manifestazioetan: «Faxismoari aurre egiteko prest dagoen langileria indartsu bat dagoela erakutsi behar dugu».