«Entzun dezatela faxistek: Euskal Herrian milaka gazte gaude zuei aurre egiteko prest». Mezu horren bitartez, GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak argi utzi nahi izan du ez dituela onartuko diktadura frankistaren gorazarrea, Euskal Herriaren eta euskararen aurkako ideia supremazistak, etorkinen aurkako arrazakeria, eta emakumeek gizonen zerbitzuan egon behar duela dioten diskurtso matxistak. «Langileen nazioarteko alderdi iraultzailea» eratzea litzateke horiek eragozteko bidea, GKSren ustez. Hori aldarrikatzeko hamar mila lagunek baino gehiagok hartu dituzte Bilboko eta Iruñeko kaleak, antolatzaileek emandako datuen arabera. Era berean, «faxismoari eta estatuei aurre egitearen ondorioz gatibu dauden preso guztiak» gogora ekarri dituzte, eta haientzako «amnistia osoa» eskatu.
IKUSI GEHIAGO
Faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka, gazte langileok borrokara! lelopean egin ditu gaurko manifestazioak GKSk, Bilbon eta Iruñean. Mobilizazioen ostean egindako hitzaldietan, munduko egoerari arreta jarri diote, lehenik eta behin: «Kapitalismoa krisian dago, eta inperialismoa, inoiz baino indartsuago. Gerra hotsak, baliabide naturalen arpilatzea eta esku hartze inperialistak nonahi ditugu», adierazi du Aroa Arrizubieta GKSko bozeramaileak, Bilboko mobilizazioa bukatutakoan. Besteak beste, Donald Trump AEBetako presidenteak ezarritako «gobernu faxista» eta «Europaren gainbehera inperialista» salatu ditu hark. Langileen bizi eta lan baldintzak, berriz, «urtez urte okerrera» egiten ari dira, salatu duenez.
Testuinguru horretan kokatu du «oligarkiaren ofentsiba politikoa». GKSren iritziz, «eliteak eta agintariak faxismo berri bat artikulatzen ari dira, eta estatuen erreforma autoritarioa bultzatzen». Besteak beste, AEBen kanpo politikan indarrean den «agenda inperialista basatia» kritikatu du Arrizubietak, «palestinar herriaren aurkako genozidioa muturreraino eramaten ari baitira, Israeli babes osoa emanez». Bide batez, herrialde horretako Immigrazio Poliziak azken asteetan egindako atxiloketak eta erailketak gogorarazi ditu, eta Trumpen «politika faxistaren» aurka borrokan ari diren guztiei eskua luzatu.
Sozialdemokratak eta EAJ
Europan ere «inperialismoa, langileon pobretzea, faxismo berria eta estatu autoritarioa» ezartzen ari dira, GKSko kideak esan duenez. Eta alderdi sozialdemokratak egoera horren erantzule egin ditu: «Bere burua alternatiba bezala aurkeztu nahi dute. Baina ez gaitezen nahastu. Azken urte hauetan, ezker erreformistaren porrota erabatekoa izan da, eta horrek testuinguru politiko eta kulturala eskuinera mugitzen lagundu du».
«Eliteak eta agintariak faxismo berri bat artikulatzen ari dira, eta estatuen erreforma autoritarioa bultzatzen»
AROA ARRIZUBIETA GKSko bozeramailea
Arrizubietak nabarmendu duenez, «estatuen erreforma autoritarioak» gobernu ezkertiarren eskutik ere etorri dira. Horien artean, Espainiako Gobernua aipatu du, zeina PSOE eta Sumar alderdien esku dagoen. Pedro Sanchez buru duen gobernu horri zera aurpegiratu dio: «Nola liteke bere burua ezkertiartzat daukan gobernu batek inoizko gastu militar handiena onartzea edota mozal legea bezalako neurri errepresiboak ez ezabatzea?».

Euskal Herriaren egoerari ere arreta jarri dio GKSk: «EAJ ez dago joera horretatik kanpo: faxismoaren gorakadaren aurrean beren bulegoetan ezertxo ere egin gabe egon dira, eta, uda hasieratik hona, kanpaina bat jarri dute martxan antifaxismoa kriminalizatzeko». Bide horretan, gogora ekarri dituzte Falange Espainolaren urriaren 12ko bisitak Gasteizen eragindako istiluak, eta zera kritikatu: «Poliziak inpunitate osoa du nahi duena egiteko. Ez dute falangista bakar bat ere atxilotu». Euskal Herriko gainontzeko alderdiei, berriz, «EAJren manipulazioari eta kriminalizazioari erantzuteko kapaz ez izatea» egotzi diete.
Masa antolakundeak
«Langileriaren nazioarteko alderdi iraultzailea» osatzera deitu du GKSk. Premiazkotzat jotzen dute «militantzian eta argitasun ideologikoan» oinarritutako «masa antolakundeak» sortzea, «faxistei eta estatuen neurri autoritarioei aurre egiteko». Bestalde, berebizikotzat jotzen dute «estatuen erreforma autoritario eta militaristei aurre egitea». Eta, hori lortzeko, langile kolektiboetatik eta herri mugimendutik abiatuta fronte zabal bat eratzera deitu dute, bai Euskal Herrian eta baita nazioartean ere. «Antolakunde komunista horiek beharrezkoak dira indar harremana langileriaren alde jartzeko», gehitu du Arrizubietak.
«Gazte langileon mugimendu sendo bat izatea da agenda inperialistari, estatu polizial eta militaristari, eta faxismo berriari aurre egiteko antidotorik onena»
AROA ARRIZUBIETA GKSko bozeramailea
GKSk argi dauka: «Estatu autoritarioa ezarri nahi diguten garaiotan, orokortua dagoen atxikimendu politiko falta kapitalismoaren aurkako indar bihurtu behar dugu, eta estatu sozialistaren aldeko borroka indartu langile klasean». Horretan gazteek «funtsezko egitekoa» bete behar dutela uste dute. «Gazte langileon mugimendu sendo bat izatea da agenda inperialistari, estatu polizial eta militaristari, eta faxismo berriari aurre egiteko antidotorik onena. Oligarkiaren estatu autoritarioari langileon estatu sozialista kontrajarri behar diogu», gehitu du Arrizubietak, eta nazioarteko iraultzaren eta euskal estatu sozialistaren alde borrokan jarraitzera deitu du.