Gloria Totoricaguena Egurrolak irabazi du 2025eko Manuel Lekuona saria

Euskal diasporaren ikerlaria da, eta Euskal Herria nazioartean ezagutarazi du. Eusko Ikaskuntzak nabarmendu du «aitzindaria» dela hainbat ikerketatan.

Gloria Totoricaguena Egurrola gaur, Donostian. AITOR KARASATORRE / FOKU
Gloria Totoricaguena Egurrola gaur, Donostian. AITOR KARASATORRE / FOKU
Iratxe Muxika
2025eko urriaren 24a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

1983an sortu zuen Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria, helburu jakin batekin: euskal kulturaren alde lanean aritutakoak goratzea. Bada, 2025eko saria Gloria Totoricaguena Egurrola ikertzaileari eman diote (Boise, Ameriketako Estatu Batuak, 1961). Eusko Ikaskuntzak argudiatu duenez, euskal diasporaren «ikerlaririk handienetako bat» da sariduna, eta «lan nabarmena» egin du euskal errealitatearen nazioarteko zabalpenean. 

Gernika (Bizkaia) bonbardatu ondotik Ameriketara lekualdatutako familia bateko alaba da Totoricaguena, eta Boiseko Unibertsitatean lizentziatu zen Zientzia Politikoetan. Montevideoko Unibertsitatean jarraitu zuen trebatzen; Hezkuntzako masterra egin zuen han. 2000. urtean doktoretza bat egin zuen Londresko Ekonomia eta Politika Zientzien Fakultatean, eta, gerora, Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketak zentroko zuzendaria izan zen. 

Hortaz, 2025eko Manuel Lekuona sariaren epaimahaiak ebatzi du euskal diasporaren hainbat ikerketatan «aitzindaria» izan dela Totoricaguena, eta hark egindako lana «funtsezkoa» izan dela euskal kultura nazioartean ezagutarazteko. «Eta, beraz, Euskal Herria mundu mailan kokatzeko». 

Totoricaguenaren ikerketa guztiak batuz gero, ia 800 orrialdeko lana da ondu duena, eta Euskal Herriko eta Ameriketako Estatu Batuetako hamaika gai aztertu ditu. Familia bizitzei eta komunitateari buruzko argazki andana ere bildu du, gainera. 

Enpresaburua

Bilbo eta Boise artean bizi da gaur egun; bertzeak bertze, bi enpresaren buru delako. Ikerketa kultural eta sozial anitzetan espezializatutako enpresa da bata, eta Euskal Herriaren eta munduaren arteko harreman kulturaletan, komertzialetan eta diplomatikoetan espezializatua bertzea. 

Jada saridun izendatua den arren, saria bera heldu den udaberrian emanen dio epaimahaiak, Remigio Mendibururen brontzezko eskultura baten forman. Hauek osatu dute 2025eko Manuel Lekuona sariaren epaimahaia: Barandiaran fundazioak, Euskal Kultur Erakundeak, Eresbilek, Etxepare Euskal Institutuak, Euskarabideak, Euskalerriko Adiskideen Elkarteak, UN Etxeak eta Eusko Ikaskuntzak berak. Esplikatu dutenez, ordezkaritza lurralde guztietara zabal zedin bermatu dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.