Euskara. Lan eskaintza publikoa Nafarroako hezkuntzan. Marisa de Simon. Ezkerra

«Gobernuak atzera egitea eta ados jartzea espero dut»

JAGOBA MANTEROLA / ARP.
Iruñea
2015eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Hasieratik gaitzetsi du Ezkerrak lan eskaintzako postuen banaketa, «desoreka» dagoela argudiatuta. Dena den, Marisa de Simonparlamentariak (Burgos, Espainia, 1957) baieztatu du plaza kopuruarekin ados daudela, atera zitezkeen plaza guztiak aurkeztu baitira.

Sua piztu du banaketak.

Ez delako bidezkoa. Hau ez da identitate edo hizkuntza kontua, zenbakietan dago gakoa, eta benetako proportzioa iraultzen da lan eskaintza honekin. Desorekatua da guztiz.

Behin-behinekotasunean dauden irakasleez ari zara?

Bai. Gaur egun, behin-behinean dauden irakasleen %70 G ereduan daude; %30 D ereduan. Lan eskaintza publiko honek hori iraultzen du, eta ez dago horretarako argudio teknikorik. Gaur-gaurkoz, sortu beharreko plazak horiek dira, ez besterik. Lan eskaintza gehiago aurkeztu nahi ditugu, eta horietan igoko dugu euskarazko kopurua, igo behar bada.

Desoreka hori ez al da orain arteko bazterketaren ondorioa?

Baliteke, eta horri buelta emateko akordio programatikoan hainbat neurri bildu genituen; horien artean dago D eredua zabaltzea. Baina euliak kanoiarekin hiltzen ari gara; asmo horiek etorkizunean egingo baitira, ez orain.

Baina PAIren ondorioz gaztelerazko irakasle gehiegi daudela dio txosten batek.

Interpretazio akatsak daude hemen. Lanean dauden irakasleetatik ez dago inor soberan; areago, falta dira. Murrizketen ondorioz ia mila irakasle gutxiago ditugu orain; beraz, ez dezatela esan soberan daudenik. Bigarren afera PAI bera da. Ezin da lan eskaintza publiko bat aurkeztu, guztiz zehaztu gabe dagoen programa baten arabera. Argudio horrek ez digu balio.

PAI aintzat hartu gabe egin behar da banaketa orduan?

Modu batean, bai. Oraingo beharrak hartu behar ditugu aintzat; eta ingelesa ez da lehentasuna.

Elebakartasunetik ateratzea bide posible bat da?

Ez dakit. Irakasle onak dauzkagu, eta horien prestaketa hobetu behar da. Guztiak eleaniztunak izango bagina, listo. Baina hori ez da errealitatea. Behin-behinean dauden irakasle horien eskubideak bermatu behar ditugu, beste ezer baino lehen.

Egoera konplikatua da, baina ez da berria.

Argi izan behar dugu egoera hau UPNren kudeaketa ezin txarragoaren ondorioa dela. Azken lauzpabost gobernuek egindako lana lardaskeria hutsa izan da, eta sekulako nahaspila dago. Horren aurrean, gelditzea tokatzen da, hausnartzea, erabakitzea eta ondoren esku hartzea. Ez dezala esan UPNk honen aurka dagoenik, berak sortu baitu hau guztia.

Krisi honek gobernuaren babesa kolokan jar dezake?

Ez dut uste. Espero dut gobernuak atzera egitea, eta azkenean adostasun batera iristea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.