Hona Frantziako Gobernuaren proposamen nagusiak:
1. Diplomazia. Frantziak migrazioen gaia jarri nahi du Europako Batasuneko eztabaida nagusien artean. Afrikako herrialdeei itunak betearazi beharra nabarmendu du: migratzaileak berriro har ditzatela. Bisak emateko prozedura aztertuko dute, «kontrola eta segurtasuna» argudiotzat hartuz.
2. Schengen. Europako muga kontrolak indartzeko eskatu du: Frontex agentzian 1.000 langile ez, 10.000 jartzea 2024 baino lehen. Schengengo Ituna berrituta Europa barruan kontrolak ugaritzea aipatu du.
3. Osasun zerbitzua. «Iruzurra» saihesteko argudioarekin, gutxienez hiru hilabeteko egoitza baimena beharko da osasun zerbitzuak jasotzeko. Asilo eskatzaileen kontrola areagotuko dute: laguntzetan jasotako dirua zertan erabiltzen duten.
4. Kuotak. «Immigrazio profesionala» bultzatu nahi dute: zer premia dituzten enpresek, horren arabera onartu migratzaileak. Parlamentuak urtero aztertuko luke zer kuota jarri. Lan baimena lortzeko prozedura azkartu egin nahi dute.
5. Herritartasuna. Familiak elkartzeko prozesuan «iruzurraren» aurkako neurriak hartzea, eta frantses maila handiagoa eskatzea herritartasuna lortzeko (B1 maila, ahoz eta idatziz).
6. Integrazioa. Egoitza baimena kudeatzeko epeak eta zergak txikiagotu nahi dituzte, eta integrazioa laneratzearen bidez lortzea jarri dute helburu. Migratzaileen kanpalekuak desegin egingo ditu gobernuak.
7. Harrera. Asilo eskatzaileak leku jakin batzuetan pilatuta daudenez, sakabanatu egingo dituzte. Etxebizitzak lortzeko aukera handitu asmo dute.
8. Adingabeak. Kontrola gogortuko dute, «iruzurra» saihesteko —adingabe ez direnak halakotzat ez hartzeko—. 18 urte bete eta laneratzen direnean, egoitza baimena ematea.
9. Asiloa. Eskariak aztertzeko epeak laburtu nahi dituzte: sei hilabetean ematea erantzuna.
10. Legez kanpoko migratzaileak. Atxikitze zentro gehiago zabalduko dituzte —Bordelen horietako bat—, eta egoitza baimena iraungi zaienak kanporatzeko bideak handituko dituzte. Mugako kanporatzeak azkartzeko helburua dute.