ETAren jardun armatuaren amaiera. Erreakzioak

Gobernuei ETArekin hitz egiten hasteko eskatu die Aralarrek

Aieteko ebazpenaren lehen puntuak dioena beteta, orain Madrilen eta Parisen txanda dela adierazi du Zabaletak

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko urriaren 22a
00:00
Entzun
ETAk borroka armatua behin betiko alboratu izanak Euskal Herriaren historian aro bat amaitu dela eta beste bat hasi dela esan nahi du Aralarrentzat, «irabazlerik eta galtzailerik gabe, elkarrizketaren bidez bake iraunkorra eraikitzeko aroa». Horregatik, Espainiako eta Frantziako gobernuei bakearen eraikuntzan parte hartzeko eta ETArekin elkarrizketa abiatzeko eskatu die Patxi Zabaleta alderdiko koordinatzaile nagusiak. Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eta Yolanda Barcina Nafarroako gobernuburuari, berriz, gizarteak erakutsi duen bake nahiari erantzutea galdegin die.

Zabaleta «pozik» agertu zen atzo ETAren agiria balioesteko Dani Maeztu alderdiko koordinatzaileordearekin batera Gasteizen egindako agerraldian. Pozik, ETAk erantzun baikorra eman diolako Aieteko konferentziaren ebazpenari. Eta pozik, «agente politiko guztiek eta, oro har, gizarte osoak» sinetsi duelako ETAk herenegun kaleratutako agiriak dioena. ETAk egindako urratsaren garrantzia nabarmendu zuen, gainera, «aldebakarrekoa» izan delako.

Armak utzita, ETAk bete du Aieteko adierazpeneko lehen puntuan eskatu zitzaiona. Orain Espainiako eta Frantziako gobernuen txanda dela uste du Aralarrek. Hori hala, hitz egiten hasteko eskatu die Zabaletak, baina «soilik gatazkaren ondorioez» jarduteko, hori delako adierazpenaren bigarren puntuak dioena.

ETAk indarkeria behin betiko utzi izanak «benetako bakea» eraikitzeko aroa hasi duela esan zuen Zabaletak. Uste du eraikitze lan hori izango dela gatazka konpontzeko giltza. Beraz, lan hori egiteko ardura euskal gizartearen eta euskal alderdi politiko eta sindikatuetako ordezkarien gain utzi behar dela dio. Aralarreko koordinatzaile nagusiaren ustetan, «momentu historikoa da hau», giza eskubideak errespetatuko diren jokaleku bat dagoelako orain. Horregatik, beharrezkoa deritzo «biktima guztiei» biktima izaera eta erreparazioa aitortzea. «Gaurtik aurrera, guztion ardura eta egitekoa da biktima guztiekiko errespetua erakustea eta biktima guztiei biktima izaera eta erreparazioa aitortzea».

Horren haritik, euskal preso politikoen eskubideak errespetatzeko bidean ere urrats bat aurrera egiteko garaia dela uste du Zabaletak.

Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak eskerrak eman zizkion euskal gizarteari, «unerik txarrenetan ere» bakea lortzeko itxaropenari eutsi izanagatik. Hark ere biktimak ekarri zituen gogora, eta agindu zuen Aralarrek eta haren legebiltzarreko taldeak «inoiz baino irmotasun handiagoarekin» lan egingo dutela egungo egoerak atzerakorik izan ez dezan eta «oroimenean oinarritutako bizikidetza» eraikitzea posible izan dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.