Gogora-ren aurrekontua %14 handituko da 2026an, ikerketan sakontzeko

San Josek Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren aurrekontu proiektua aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean. Espero du 2026a espetxe eredua garatzeko «giltzarri» izatea.

Maria Jesus San Jose, gaur arratsaldeko agerraldian. RAUL BOGAJO / FOKU
Maria Jesus San Jose, gaur arratsaldeko agerraldian. RAUL BOGAJO / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko azaroaren 6a
18:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Justizia eta Giza Eskubideen Saileko aurrekontuak %2,6 egingo du gora hurrengo urtean, aurrekontuen batez bestekoaren (%4,1) azpitik. Halere, bada hazkunde nabarmenagoak izango dituzten atalak, eta horietako bat da Gogora Memoria eta Bizikidetza Institutuaren aurrekontua: %14,6 handituko da. Era berean, Maria Jesus San Jose sailburuak nabarmendu du euren asmoa dela 2026a euskal espetxe ereduaren garapenean «giltzarri» izatea. 

Bere saileko aurrekontu proiektuaren berri ematen azkena izan da San Jose. Ezusterik ezean, 369,2 milioi euroren diru sailak kudeatu beharko ditu hurrengo urtean, eta hiru helburu nagusirekin egingo du: «justiziaren zerbitzu publikoa indartzen jarraitzea», «espetxeen kudeaketarako euskal eredua bermatzea» eta «kultura demokratikoa sendotzen lagunduko duen memoria kritikoa bultzatzea».

Bi atal nagusitan banatuta dago San Jose buru duen saila, eta hala egin du aurkezpena ere. Giza Eskubideen alorrari dagokionez, nabarmena izan da zenbat handitu duten Gogora-ren aurrekontua. Urduñako eta Zornotzako (Bizkaia) hobi komunetatik ateratako gorpuzkiak identifikatzeko DNA bankuaren aurrekontua bi halakotuko dute, eta 180.000 euro eman. Eta, horrez gainera, %30 handituko dute ikerketa alorrerako diru saila. Besteak beste, 1936 eta 1978 bitarteko giza eskubideen urraketak, eskuin muturraren indarkeria, askatasun sexualaren errepresioa frankismoan eta Emakumeen Babeserako Patronatu frankista ikertuko dituzte, baita lehen Eusko Jaurlaritzaren memoria ere.

Hain zuzen, ikerketa horien gaiek eragin dituzte Voxen eta PPren protestak, eta sailari egotzi diote ETAren biktimak kontuan ez hartzea. Erantzunean, baina, San Josek eta Alberto Alonso institutuko zuzendariak txarretsi egin dute ikuspegi hori, esanez, batetik, ETAren biktimak presente daudela Gogora-ren jardunean —hala nola Dolores Gonzalez Yoyes oroituko dute—, eta, bestetik, nabarmenduz ETAren biktimek «gizartearen babesa» izan dutela azken hamarkadetan, eta gauza bera nahi dutela gainerakoentzat ere: «Hamarkadatan ezkutuan egon diren biktimak ezagutaraztea oinarrizkoa da guretzat».

Gainera, San Josek azaldu du biktimen eskaerak entzun ostean 70.000 euro jarriko dituztela «ikuspegi etikotik umiliagarriak, birbiktimizatzaileak eta gaitzesgarriak izan daitezkeen jarduerei lotutako» sentsibilizazio kanpainak egiteko, eta Sendaoroi proiektu pilotua martxan jarriko dutela, biktimei laguntza emozional eta psikologikoa emateko. Era berean, %25 handituko dute estatuaren biktimen aitortzarako balorazio batzordearen aurrekontua. Hain zuzen, azken kurtsoan bost kasu besterik ez du onetsi, baliabide faltagatik.

Arreta bermatzera

Sailburuordetza batetik besterako jauzia eginda, San Josek gogoratu du atzerapen ugariren ostean —2024rako martxan behar zuen— hurrengo urtean irekiko dutela Zubietako kartzela berria. «Hura irekitzeak bide emango dio euskal espetxe sarearen okupazio maila optimoa lortzeari». Izan ere, hurrengo urterako espero dute  Zaballako erregimen itxiko saila irekitzea ere, eta hango eta Basauriko gizarteratze zentroak muntatzeko pausoak ematea.

San Josek egungo espetxe eredua defendatu du, eta gizarteratze prozesuen alde egin. Haren arabera, presoek delitua berriro egiteko tasa %19,9koa da egun, baina %12ra murrizten da zigorraren amaiera hirugarren graduan edo baldintzapeko askatasunean egiten denean. Horretarako gako nagusietako bat da Aukerak agentzia. Haren aurrekontua %7 murriztu du Jaurlaritzak, baina San Josek adierazi du berrantolaketa baten ondorio dela, eta «enplegua lortzeko eta gizarteratzeko» diru sailak handitu direla. 

Diru saila handitu egingo da langileen gastuei dagokienez ere. Izan ere, sailburuak adierazi du behin Zubietako espetxea martxan dela, bide emango diotela iaz adostutako funtzionarioen lanpostu zerrendak betetzeari. Haren esanetan, abendu honetan osatuko dute Zaballako plantilla, urtarrilean Basaurikoa, eta Zubietakoa «progresiboki» behin irekitzean. Hain zuzen, sailaren aurrekontuaren %58 inguru langileen gastuetarako izango da: 212 milioi.

Justizia administrazioari dagokionez, berriz, San Josek nabarmendu dituen apustuetako bat da doako justiziarako sarbidea erraztea, «zailtasun gehien dituztenei arreta» bermatzeko. 18,6 milioi jarri dituzte horretarako. Indarkeria matxista kasuetarako, berriz, 2,4 milioi euroko aurrekontua dute: biktimen arretari begira, ikerketak indartzeko letradu berezituak ezarriko dituzte, eta tramite judizialak bizkortu, «batez ere, babestea helburu gisa duten horiek».

Justizia Sailaren beste «apustu handi bat» justizia errestauratiboa da, eta haren inguruko lege bat prestatzen ari da. San Joseren esanetan, asmoa da datozen hilabeteetan Eusko Legebiltzarrean aurkeztea. Bitartean, azaldu du 1,1 milioi eurora handituko dutela alor horretarako diru saila.

Horrekin batera, zigor ez-pribatiboak sustatzen jarraitu nahi dute. Horretarako, zigorrak eremu komunitarioan betearazteko zerbitzu bat sortuko dute, eta 10,7 milioi euroko diru saila ezarriko dute adingabe eta gazte arau-hausleekin esku hartzeko gizarte eta hezkuntza baliabideetarako.

Euskara

EAJk eta PSE-EEk bat egin dute Justizia eta Giza Eskubideen Sailak duen norabidearekin. Xabier Barandiaran jeltzaleak, baina, zenbait gogoeta egiteko ere baliatu du abagunea. Hala, eginbeharren artean kokatu du justizia administrazioan euskararen presentzia areagotzea: «Euskal komunitateko kide garenok, euskaraz bizi, sentitzen eta pentsatzen dugunok, gure errealitatea euskaraz ekoizten dugunok, justizia sistema bat behar dugu euskaraz».

Hain zuzen, auzi horretan indar berezia egin du EH Bilduko ordezkari Eraitz Saez de Egilazek ere. Esan du egoera «oso kezkagarria» dela, eta sailak horren arduraren parte bat bere gain hartu beharko lukeela. Haren esanetan, ezinbestekoa da euskal herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea, eta horretarako ekinbide falta salatu du.

Hain zuzen, justizia administrazioan euskararen erabilera indartzeko ondorengo diru sailak iragarri ditu sailburuak: euskarazko proiektuak garatzeko 225.000 euro, euskaltegietarako 100.000 euro, HABEren kudeaketarako 250.000 euro, epaileen trebakuntzarako 15.000 euro, eta Bizkaiko Abokatutza Eskola babesteko 9.000 euro. Eta itzulpen eta interpretaziorako 572.633 euroko diru sail baten barruan txertatu dituzte euskarazko itzulpenak ere. Oposizioak salatu duenez, baina, aurtengo aurrekontuetan ere euskararen sustapenerako emandako diru kopuruaren ehuneko handi bat adjudikatu gabe geratu da.

 

Administrazio «eraginkorra» xede

Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak 167,5 milioi euroko aurrekontua izango du 2026an. Maria Ubarretxena sailburuak eman du horren berri, eta azaldu du «administrazio arinagoa, eraginkorragoa eta gardenagoa» ezartzea dutela helburu.
Sailburuak adierazi du hiru direla ezarri dituzten ardatz nagusiak. Batetik, autogobernuan aurrera egitea, «gure eskumenak defendatuz, betez eta zabalduz». Bestetik, «administrazioaren aro berri» eta eraginkorrago batera jauzi egiteko prestatzea, eta hori guztia modu garden eta irekian egitea, «kalitate demokratikoa indartuz». Hala, aurrekusitako ekinbideen artean dira Administrazio Publikoaren Estrategia Digitala eta Sektore Publikoko Adimen Artifizialeko Estrategia.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.