Gueñes (Bizkaia) eta Ezkio-Itsaso (Gipuzkoa) artean goi tentsioko linea eraikitzeko egitasmoak aurrera egiten badu hark eragingo dituen kalteekin arduratuta daude linearen ondoan dauden hainbat udalerritako udal ordezkariak. Gueñes, Alonsotegi, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Ugao, Zeberio, Galdakao, Bedia, Igorre, Lemoa, Zornotza, Iurreta, Garai, Berriz, Mallabi, Zaldibar (Bizkaia) Elgeta, Bergara, Antzuola, Legazpi, Zumarraga, Gabiria, Itsaso (Gipuzkoa) eta Okondotik (Araba) igaro asmo dute linea berria.72 kilometroko luze izango du. Berriz, Garai eta Mallabiko hautetsiak batera agertu ziren atzo prentsaren aurrean, eta larunbat honetarako hautetsiak biltzar batera deitu zituzten, planaren kontra. Berrizen bilduko dira.
Lurra ingurumenaren aldeko erakundeak salatu du 400.000 volteko goi tentsioko lineak osasunean, ingurumenean, paisaian eta ekonomian eragingo dituela kalteak. Aitor Loiola Mallabiko alkateak (Bizkaia) Espainiako Elektrizitate Sarearen bidez izan zuen proiektuaren berri. «Ezustea izan zen ikustea beste linea batekin bat zetorrela bidea, Gatika eta Ezkio-Itsasokoarekin». Egitasmoak bere horretan jarraitzen badu, 900 metroko distantzian goi tentsioko bi linea izango ditu Mallabiak. Hori dela eta, kezkatuta azaldu da: «Ez dagoela arriskurik diote. Baina, txostengaurkotuen arabera, lineen artean bizi direnek arrisku biziak dituzte». Mallabiko Arino auzoa, esaterako, bete-betean harrapatuko luke lineak. Loiolaren esanetan, hogei auzokoak —zazpi etxetan bizi dira— osasun arriskuen beldur dira: «Batzuk etxea uztea pentsatzen ari dira; haurrekin ez dute arriskurik izan nahi». Logikotzat dauzka haserre keinuak: «Mallabian 1.200 biztanle gara, eta 1.010 alegazio aurkeztu dira».
Garai eta Berrizko alkate Gontzal Sarrigoitiak eta Jabier Azpitarte ere gogor gaitzetsi dute plana. Azpitarteren aburuz, eraiki nahi duten lineak ez du justifikaziorik: «Are gutxiago gaur egun energia aurrezteko dauden programa guztiekin. Aurrezteko, ez dira 400.000 volteko lineak eraiki behar». Mallabiaren antzeko atakan daude, 400 metroko distantzian bi linea izateko arriskuan. «Proiektuan ez dituzte proposatu kalteak saihesteko neurriak. Beraz, dagoen moduan, ez da baliagarria».
Proiektua etetea, posible
Lurra erakundeak bultzatuta, larunbaterako udal hautetsien biltzarrera deitu dute alkateek. Helburua goi tentsioko lineen aurkako manifestuarekin ahal beste hautetsik bat egitea da. Alberto Frias Lurrako kidearen hitzetan, indarrak batzeko beharra dutelako sortu da biltzarra. Era horretan nahi diete erakutsi proiektuaren aurkako jarrera «gogorra» herritarrei, goi tentsioko linearen bultzatzaileei eta erakundeei. Bildutako atxikimenduak Espainiako Gobernuko Ingurumen Ministeriora, Eusko Legebiltzarrera eta Eusko Jaurlaritzara bidaliko dituzte. Baita Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundietara ere.
Friasen iritziz, posible da goi tentsioko linearen plana bertan behera uztea. Iaz, Gasteiz eta Muru Artederreta (Nafarroa) lotzeko linea atzera botatzea lortu zuten, aurretik linearen kontra 240 hautetsik bat eginda. «Instalazio hauek gune jendetsuetatik urruntzeko beharra dago, Europako Batasunaren arreta irizpideen arabera», azaldu du Friasek. Era berean, nekazaritza ingurua, ondarea eta ingurumen balioak babesteko beharrari muzin egiten dabiltzala ohartarazi du. Horregatik, larunbat honetan Berrizen udal hautetsi andana biltzea espero du Lurrak. «Udal guztietatik norbait etortzea da gure nahia». Izan ere, eraikuntza lanak 2012ko neguan hasi eta 2013an bukatu nahi dituztela jakin dute hedabideen bitartez.
AHTaren energia premiei aurre egiteko beharra darabilte argudio gisara egitasmoaren aldekoek. Durangaldeko Elkarlanak asteon salatu du lineak ingurumena «suntsituko» duela.
Goi tentsioko linearen aurka biltzar bat antolatu dute Berriz, Garai eta Mallabiak
Ezkio-Itsaso eta Gueñes lotuko dituen linearen inguruko 24 udaletako hautetsiak elkartu nahi dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu