Goirizelaiarentzat oso positiboa izan da Europako epaia

Espainian akusatuaren arabera testu juridikoen irakurketa ezberdina egiten dela salatu du Otegiren abokatuak

Erredakzioa
Bilbo
2011ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Arnaldo Otegiren abokatu Jone Goirizelaiarentzat «oso positiboa» da Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Arnaldo Otegiren alde emandako epaia, horrek erakusten duelako «akusatuaren arabera testu juridikoen irakurketa desberdina» egiten dela Espainian. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Otegi epaitu zuenean «ez zituen defentsaren argudioak kontuan hartu ere egin»; Espainiako auzitegiek Europakoetatik ikasi beharko luketela ere iritzi dio Goirizelaiak.

Estrasburgoko Auzitegiak herenegun zigortu zuen Espainiako Gobernua, Otegiren adierazpen askatasuna urratzeagatik. Espainiako justiziak urtebeteko kartzela zigorra ezarri zion ustez 2003an Espainiako erregea iraintzeagatik. Orain, Estrasburgok ebatzi du Otegik egindako kritikak ez zirela irainak eta kartzela zigorra gehiegizko neurria zela. Otegiren abokatuak esan duenez, orduan absolbitu izan balute agian urtebete gutxiago egin beharko zukeen espetxean.

Estrasburgo, «erratuta»

Espainiako Justizia harrituta utzi du Europatik iritsitako epaiak. Candido Conde Pumpido fiskal nagusiaren arabera, horrek erakusten du «Estrasburgoko Auzitegia ere erra daitekeela». Fiskalaren ustez, Otegik Espainiako erregeari egindako kritikek «eztabaida politikoaren muga» gainditu zuten, bereziki «torturatzaileen buru» deitu zionean.

Patxi Lopez lehendakariak esan du epaia onartu behar dela, gustuko ez izan arren: «Horrelakoak dira justizia eta sistema demokratikoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.