Goizeko piketeak non,  poliziak han

Piketeek poliziak izan dituzte atzetik; leku askotan istiluak sortu dira, jendea identifikatu eta atxilotu dute. Errepideetan, unibertsitateetan, dendetan eta ostalaritzan izan du eraginik handiena.

Ikasleen pikete bat errepidea mozten, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Ikasleen pikete bat errepidea mozten, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
jakes goikoetxea
2026ko azaroaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eguna argitzerako hasi ziren piketeak lanean, gaueko txandetan lan egin behar zuten fabriketan, herritarrak garraiatu behar zituzten autobusen garajeetan eta dendak janariz hornitu behar zituzten saltokietan. Geroago lantegietara, ikastetxeetara, merkataritzara eta ostalaritzara zabaldu ziren piketeak.

06:37 | Algorta

Zabor edukiontziak jarri zituzten errepidean Algortako (Getxo, Bizkaia) Sarrikobaso kalean, ibilgailuak igarotzea eragozteko. Udaltzainek kendu zituzten. Sarrikobaso eta Telletxe arteko bidegurutzea katez itxi zuten piketeek.

06:44 | Iruñea

Grebari buruzko lehen balorazioa, eguna argitu baino lehen, greba gauerdian hasi baitzen: CCOO eta UGT sindikatuek, gaueko txandak kontuan hartuta, esan zuten «erantzun zabala» izan zuela. Esaterako, aipatu zuten autogintzaren sektorean %90ekoa izan zela, eta Iruñeko Volkswagen auto ekoizlean geldialdia «erabatekoa» izan zela.

07:00 | Amurrio

Grebalariek blokeatu egin zituzten Amurrioko eta Laudioko Tubacex enpresaren sarrerak.

07:11 | Bilbo

Bilboko metroa garaiz iritsi zen geltokietara. Ohi baino bidaiari gehiagorekin. Jendea bildu zen Bilbobus autobusen geltokian. Ateratzear zen autobus baten parean jarri ziren, eta oihu egin zioten gidariari: «Ez atera, batu zaitez!».

07:27 | Gasteiz

Merkataritza guneak izan ohi dira piketeen lehen helburuetako bat. Gasteizen, Boulevard saltoki handira sartzeko errepide nagusia itxi zuten. Bibon, Mercabilbaoren sarreran bildu ziren.

07:31 | Gasteiz

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituriko piketeek errepidea itxi zuten Forondako atean. Ertzaintzaren dozena erdi furgoneta bertaratu ziren, eta manifestariek ke potoak jaurti zituzten. Ertzaintzak bultzaka eta borra kolpeka bota zituen manifestariak errepidetik. Piketea Eusko Jaurlaritzaren egoitza aldera abiatu zen, ertzainak atzetik zituela.

07:36 | Donostia

Tolosa hiribidera heltzeko biribilgunea blokeatu zuten grebalariek, EHUren Ibaetako campusaren ondoan. Ertzaintza grebalariei pankartak kendu nahian eta atzera bota nahian aritu zen. Apur bat geroago, Ertzaintza oldartu egin zitzaien biribilguneko sarreretako bat ixten ari ziren grebalariei.

Etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorra
Espainiako Polizia edukiontziak errepidetik kentzen, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU

07:55 | Donostia

Grebalariek mahaiekin eta aulkiekin blokeatu zituzten Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultatearen eraikineko sarrerak, Donostian. Hezkuntzan, grebaren erantzuna oso handia zela adierazi zuen LABeko Hezkuntzako arduradun Aritz Villarrek. Salatu zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak neurriz kanpoko gutxieneko zerbitzuak ezarri zituela, eta langileei eta ikasleei babesa eskertu zien.

08:11 | Legorreta

N-1 errepidea guztiz itxi zuten Legorreta eta Ikaztegieta artean (Gipuzkoa). Goierriko Kontseilu Sozialistak jakinarazi zuen Ertzaintzak identifikatu egin zituela piketeetako kide batzuk, eta oldartu egin zitzaiela protesta egiten ari zirenei. Hogei minutu geroago, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak esan zuen ertzainek ez zutela pikete horren kontra jo; baina bideoetan ikus daiteke ertzainak borrekin piketeko kideak jotzen. 

08:13 | Iruñea

Piketeak NUPeko ikasgeletara sartu ziren, eta pasabideetan barrena ibili ziren oihuka eta paskinak banatzen. Piketeak aldendu eta berehala, zinpeko zaindariek zigilua kendu zieten itxitako ateei.

08:16 | Bilbo

Enekuritik Bilbora sartzeko sarrera itxi zuten; hirira sartzeko sarbide nagusietako bat da. Ertzaintzaren polizia etxearen parean jarri zen piketea, eta ibilgailuak ezin ziren pasatu. Boluetako sarrera ere itxita zegoen.

08:19 | Iruñea

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistaren eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren piketeek trafikoa gelditu zuten PA-30 errepidean. Bi grebalari zintzilikatu ziren errepideko zubi batetik.

08:28 | Iruñea

Foruzaingoak geratu eta identifikatu egin zituen NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko piketeko kideetako batzuk, Arrosadiko campusetik ateratzen ari zirela. Ikasleen arabera, foruzainen buruak esan zien hogei pertsona baino gehiago zirela, hori «komunikatu gabeko elkarretaratze bat» zela, eta, hortaz, «legez kanpokoa». 

08:40 | Bilbo

ELAk deituta, dozenaka lagunek eserialdia egin eta errepidea itxi zuten San Mames parean. Ingeteam enpresako langileak tartean zeuden.

Etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorra
Espainiako Poliziak pikete bateko kidea atxilotzen, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU

08:42 | Iruñea

LABek jakinarazi zuen Espainiako Poliziak manifestari bat atxilotu zuela Caixabanken aurrean egindako piketean, eta bortizki mugiarazi zituela handik.

08:43 | Aiaraldea

Aiaraldeko martxak A-625 errepideko trafikoa eten zuen. 

09:01 | Errenteria

Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideen informazio pikete bat Iztietako osasun etxera joan zen, eta iritsi eta berehala Ertzaintza agertu zen. Grebalariak errepidean zeuden, eta agenteek haien inguru guztia hesitu zuten. Dozenaka kide identifikatu zituzten.

09:05 | Iruñea

Iruñeko Alde Zaharra, Iruñeko Alde Mortua. Oso jende gutxi zegoen kalean, eta taberna eta denda ia guztiak itxita zeuden. ELA eta LAB sindikatuen eta greba batzordeen afixak ikus zitezkeen pertsianetan. Beste ezohiko irudi bat: Iruñeko Udalak bat egin zuen greba deialdiarekin, eta ateak itxita eta pertsianak jaitsita zeuden.

09:21 | Zamudio

Ertzaintzak CCOOko ordezkari bat atxilotu eta zauritu zuen, ordezkaria Zamudioko teknologia parkean (Bizkaia) pikete informatibo batean parte hartzen ari zela. Gurutzetako ospitalera (Barakaldo) eraman zuten. CCOOren esanetan, Ertzaintzaren erantzuna «zeharo neurrigabea» izan zen. 

09:37 | Bilbo

Erribera pareko Pelota kalean ehun eta berrehun lagun artean bildu ziren, eta 25 ertzain inguru bertaratu ziren. Istiluak izan ziren, eta Ertzaintzak hamabost bat lagun atxiki zituen. 

09:39 | Gasteiz

Ariznabarra auzoko Fontetxa Gaztelua kalean oinez zihoan gazte talde bat geldiarazi zuen Ertzaintzak, «bortizki», eta motxilak miatu zizkien. Identifikatu egin zituen, eta joaten utzi zien gero.

Etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorra
Pikete bat EHUren Leioako campusean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

09:40 | Bilbo

ELAko ordezkariek paper mordoa bota zuten Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren ate aurrera, eta pegatinak jarri zituzten. «Hau da Ali Babaren koba», oihukatu zuten. Gero, banketxeetan ere jaurti zituzten paperak: Santanderren, Kutxabanken eta Caixabanken. 

10:12 | Donostia

LABeko kideek itxi egin zuten Añorgatik Ibaetara doan errepidea. «Etxea bizitzeko, ez espekulatzeko!», oihukatu zuten. 10:27an zabaldu zuten errepidea berriro.

10:16 | Donostia

Grebaren termometroetako bat: 27 Poligonoa. Negozio asko irekita zeuden, baina grebaren eragina nabaria zen: pertsiana asko itxita zeuden, eta trafikoa oso lasaia zen astegun arruntekin alderatuta.

10:26 | Gasteiz

Aroa Arrizubieta Mugimendu Sozialistako eledunak salatu zuen bi lagun atxilotu zituztela Gasteizko etorbidean, eta Polizia «oso oldarkor» aritu zela goizeko piketeetako kideekin: «Jendea miatzen eta identifikatzen ari dira kalean egoteagatik soilik». Atxilotuak aske uzteko eskatu zuten GKSko, IASko eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako bozeramaileek. Alderdiak jo zituzten etxebizitzaren krisiaren erantzule, eta eskatu zuten etxegabetzeak gelditzeko eta «errentadunen jabetzak desjabetzeko».

10:43 | Iruñea

Pikete oso jendetsua batu zen Arrotxapean. Ke potoak jaurti zituzten, eta pintaketak egin inguruko paretetan. Dia supermerkatua itxiarazi zuten, eta kargu hartu zieten irekita zegoen kafetegi batean kontsumitzen ari ziren herritarrei. 

10:44 | Donostia

Garbera merkataritza guneko saltoki eta ostalaritza establezimendu gehienek ireki zuten. Negozio askok pertsiana erdi jaitsia zuten.

11:06 | Bilbo

Erandioko (Bizkaia) Los Ochos eraikineko maizterrek Deustuko zubia moztu zuten, errepidean sofak eta besaulkiak jarrita. Los Ochos eraikinetako 120 familia baino gehiago etxetik kanporatuak izateko arriskuan daude, putre funts batek alokairuko etxebizitzak erosi zituelako eta maizterrei kontratuak berritu nahi ez dizkielako.

11:18 | Iruñea

UGT eta CCOO sindikatuek auto karabana egin zuten Nafarroako hiriburuan barrena.

11:50 | Iruñea

CGT sindikatua, Errolda Orain eta beste gizarte eragile batzuk Vinculo plazan bildu ziren, Espainiako Poliziaren furgoneta batek zainduta. Corte Ingles dago parean, eta saltokiko arduradunak kanpoan zeuden, kezkati, begira. CGTko ordezkariek nabarmendu zuten «une erabakigarri bat» dela langileriarentzat.

12:08 | Eibar

Oihartzun zabala izan zuen grebak Eibarren. Erdiguneko denda eta taberna gehienek greba egin zuten.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA