Ikaslea

Marie Therese Gomis: «Harrigarria zait kanporatze agindurako 'integrazio falta' leporatzea»

Frantziak kanporatzeko arriskuan dago Marie Therese Gomis, baina «espero ez zuen» sostengua jaso du Euskal Herrian. Laguntzen ari zaizkionei eskerrak emateaz gain, jasaten ari den prozedura judizialaren berri eman du ikasleak.

Marie Therese Gomis, Baionako Patxa plazan, agorrilaren 1ean.  PATXI BELTZAIZ
Marie Therese Gomis, Baionako Patxa plazan, agorrilaren 1ean. PATXI BELTZAIZ
BAIONA
2025eko abuztuaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal Herrira lanera iritsi zenean, izen «luzeegiagatik» lankideek izengoiti baten atzematea gomendatu zioten Marie Therese Gomisi (Ziguinchor, Senegal, 1991). Maite deitzea aski zutela erantzun zien, sorterrian horrela deitzen baitzioten. Orduan, galdegin zioten euskalduna zenetz. Harridura handiz ohartu ziren izenaren unibertsaltasunaz. Gaur egun, badira bederatzi urte Senegaldik joan zela ikasketen segitzeko. Baina, orain, «integrazio faltagatik», Frantziak kanporatzeko mehatxua helarazi dio ikasleari.

Duela aste pare bat, zure egoera bereziaren berria zabaldu zen komunikabideetan. Zure istorioa zehatzago kontatzen ahal duzu?

Ikasle bisa galdegin eta lortu ondotik, 2016an Senegaldik Estrasburgora [Frantzia] joan nintzen. Han, zuzenbideko lehen masterra egin nuen. 2018an, lehen master hori lotuta, beste bat egiteko asmoa nuen. Zoritxarrez, inork ez ninduen hartu nahi, eta beste formakuntza batzuetara orientatu behar izan nuen. Berriz ere, eskola atzeman arren, praktikak egiteko enpresarik ez nuen atzematen;alderantzizkoa ere gertatu izan zait. Ondorioz, Parisera joan nintzen, eta lanean aritu, ezker eta eskuin, beste ikasketen hasteko esperantza galdu gabe. Bi urtez iraun nuen horrela, errezibitu nahi ninduen eskola atzeman arte. Baina orduan iritsi zen COVID-19aren pandemia: formakuntza ezeztatu zen, eta berriz dena hasi behar izan nuen.

Hutsetik?

Lanean segitu nuen, bigarren masterrerako sarrera ukan arte. Lortzekotan nintzelarik, egonaldi baimena berritzeko epea heldu zitzaidan. Onartua izan dadin, hasierako motibo bera aurkeztu behar nuen: ikasketak. Baina ikasketak pagatzeko, lanean segitzea beharrezkoa nuen. Lan egitea ezinezkoa zitzaidan, egonaldi baimenik ez nuelako... Horrela jaso nuen Frantziatik joateko lehen kanporatze agindua. 

Bide hori utzita, Rodez hirira joan nintzen [Okzitania]. Azkenean, Giza Eskubideen Defentsarako Ligaren laguntzarekin, zuzenbidea eta kudeaketa lizentzia bat hasi nuen. Horri esker, Rodezko prefeturak egonaldi baimena onartu zidan, eta, ondorioz, lanpostu bat lortu nuen. Hortaz, erregularizazio eskaera egin nuen, eta bigarren kanporatze agindua ukan nuen erantzun gisa. Hala ere lanean segitu nuen, eta 2023an, enpresak Baionan zuen lanpostu batera joatea hautatu nuen. Hemen, Talis Business School eskolan izena eman nuen Ondare Ingeniaritzako Masterraren segitzeko. Beste behin nire egoera erregularizatzeko desmartxa abiatu nuen Paueko prefeturan [Okzitania]. Testuinguru horretan heldu zitzaidan hirugarren kanporatze agindua.

Ibilbide luze horretan momentu zailak bizi dituzu.

Lehen kanporatze agindua oso gogorra izan zen. Lanik gabe geratu nintzen. Uroski, nire lehengusu baten etxean egoten ahal nintzen. Garai zailak ziren arren, xantza ukan dut familia eta lagunak oso presente zirelako. Anitz lagundu zidaten egoerari aurre egiteko. Horretarako ere, aski harrigarria zait «integrazio falta» leporatzea. Lanaren bidez, ikasketen bitartez, zernahi ezagutza egin ditut egon naizen leku guztietan. Uste dut bederatzi urtez harreman berrien sortzeko denbora ukan dudala.

«Ikasketen pagatzeko, lanean segitzea beharrezkoa nuen. Baina lan egitea ezinezkoa zitzaidan egonaldi baimenik ez nuelako...»

Azken kanporatze aginduaren harira, Baionatik elkartasun mugimendu bat sortu da. Nola bizi duzu sustengua?

Nire sorterrian jada elkartasuna ezagutzen nuen; Senegalen anitz elkar laguntzen baitugu. Baina, egia errateko, hemen sortu dena ez nuen batere espero. Anitz harritu nau nola jendea mobilizatu den. Sorpresa handia izan da, zentzu onean, erran gabe doa. Gainera, Baionara iritsi aitzin ez nuen batere eskualdea ezagutzen. Hiri biziki polit bat deskubritu dut, eta ezagutza onak egin ditut. Gustura sentitzen naiz, eta, horregatik, hemen egon nahiko nuke.

Berriki, azterketen pasatzeko bi hilabeteko baimena izan duzu. Eraginik ba ote du prozedura judizialean?

Momentukoz, Paueko auzitegi administratiboak ez du argitaratu auzialdirako epe zehatzik. Lehen aldi batez, kanporatze aginduaren aurrean errekurtso bat pausatu genuen, nire abokatu Mikele Zamora Dumazekin. Orduan, auzitegiak «urgentzia gabeko» kasua zela deliberatu zuen, nahiz eta kanporatze agindua uztailerako finkatua izan. Hala pasatzen balitz, ez nituzkeen nire azken azterketak pasatzen ahalko. Anartean, zorionez, nire inguruan muntatu den elkartasunaren presiopean, prefeturak azterketak egiteko bi hilabeteko baimena luzatu du. Hala ere, horrek ez du esan nahi epe horretatik kanpo kanporatzeko arriskuan ez naizenik.

Azken hitz bat edo mezu bat partekatu nahi baduzu.

Esker mezu bat igorri nahiko nuke. Eskerrak eman nahi nizkieke berehalakoan lagundu nauten sustengu guziei, nire istorioa kontatzean berehalako erreakzio positiboak jaso baitut. Laguntzaile eta elkartasun elkarte guziei pentsatzen dut. Bestalde, informazioa helarazten duen orori eskerrak eman nahi dizkiot. Denek laguntzen bainaute, nork bere maneran. Milesker!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.