Euskal presoak

Gonzalez Solaren heriotzak atsekabea sortzen diola berretsi du Grande-Marlaskak

Vox alderdi ultraeskuindarrak eraman du euskal presoaren heriotzaren gaia Espainiako Kongresura. Barne ministroak bat egin du Sanchez presidentearen hitzekin.

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa. ROMáN RIOS / EFE
Maria Ortega Zubiate
2020ko irailaren 16a
11:26
Entzun

Kontrol saioa izan dute gaur Espainiako Kongresuan, eta Igor Gonzalez Sola euskal presoaren heriotzaz galdetu dio gobernuari Ignacio Gil Lazaro Voxeko diputatuak. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak «atsekabea» azaldu zuen joan den astean presoaren heriotzaren harira, eta Voxek salatu du hori biktimei «traizio» egitea dela. Presidentearen hitzak babestu ditu, ordea, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak: «Humanismoan ez dago lekurik preso baten heriotzaz pozteko».

Grande-Marlaskak «balio demokratikoak» goraipatu ditu. Haren hitzetan, «balio demokratikoekin eta zuzenbide estatuarekin» lortu zuten ETAri aurre egitea. Voxen jarrera deitoratu du: «Ez dakizue ETA gabe bizitzen. ETA erabiltzen duzue espainiarren artean konfrontazioa sortzeko».

Voxek bakarrik ez, PPk ere jo du Espainiako Gobernuaren aurka Gonzalez Solaren heriotzaren harira samina azaltzeagatik. Biktimei barkamena eskatzea galdegin dio Pablo Casado PPko presidenteak Sanchezi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.