Gora jotzeko errekurtsoa jarri diote Tuterako araztegiko lohiak biometanizatzeko plantari

Sustrai Erakuntzak eta Ekologistak Martxan-ek jarri dute helegitea, uste baitute, besteak beste, ingurumenari kalte egingo diola. Azaroan eman zion Nafarroako Gobernuak ingurumen baimen bateratua.

Caparrosoko Valle de Odieta enpresaren biometanizazio planta. GORKA RUBIO / FOKU
Caparrosoko Valle de Odieta enpresaren biometanizazio planta. GORKA RUBIO / FOKU
inaut matauko rada
2025eko abenduaren 26a
09:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako Gobernuak azaroaren 5ean eman zion Tuterako hiri lohien kudeaketarako eta biometanizaziorako plantari ingurumen baimen bateratua, eta Sustrai Erakuntzak eta Ekologistak Martxan-ek gora jotzeko errekurtsoa jarri diote horri. Izan ere, uste dute hainbat kalte eragingo dituela plantak, eta goragoko administrazio bati eskatu diote baloratzeko prozedura horren legezkotasuna.

Kasu honetan, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariari eskatu diote errekurtsoa onartzeko eta bertan behera uzteko ingurumen baimen bateratua. Orain, hiru hilabeteko epea du horrek erantzun bat emateko, eta, erantzuten ez badu, onartu ez duela esan nahiko du. Hori hala bada, bi talde ekologistek azaldu dute «edozer» egingo dutela proiektu hori gelditzeko, eta administrazioarekiko auzibidera jotzea ere izan dute hizpide.

NILSA enpresa —Navarra de Infraestructuras Locales SA— da planta horren titularra; iaz jakinarazi zuen instalazio hori egiteko asmoa zuela, eta bi elkarte ekologistek salatu dute Nafarroako hiri lohien %40 tratatuko dituztela planta horretan. Bi taldeek azaldu dutenez, azpiegitura uholde eremu batean jarri dute, eta kontserbazio bereziko eremu baten ondoan dago. Horrez gain, balio agroekologiko handiko zelaiak okupatuko ditu, eta nabarmendu dute Tuterako hirigintza planaren kontra doala proiektua.

Nafarroan azken urteetan ugaritzen ari dira hondakin batzuetatik biometanoa lortzeko plantak egiteko proiektuak, eta Sustrai Erakuntza da, besteak beste, zabalpen azkar horren kontra gogor egiten ari diren taldeetako bat. Talde horrek uste du enpresek «negozioa» lehenesten dutela proiektu horien bitartez, eta ohartarazi dute plantek lurra kutsa dezaketela. Gaur bidalitako oharrean, bi talde ekologistek esan dute «makroplanta» horien eredua «oso arriskutsua» dela.

Ikusi gehiago

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.