Gorenak erabaki du 'Cerdan auziaren' inguruko informaziorik ez ematea Nafarroako Parlamentuari

Puente epailearen esanetan, ikertuen oinarrizko eskubideen kontrakoa litzateke sumarioko informazioa zabaltzea.

Ikerketa batzordearen bilera bat, abuztuan. JESUS DIGES / EFE
Ikerketa batzordearen bilera bat, abuztuan. JESUS DIGES / EFE
2025eko irailaren 3a
17:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Auzitegi Gorenak ez dio Cerdan auziaren inguruko dokumentaziorik helaraziko Nafarroako Parlamentuari. Azken hilabeteetan, auziari lotutako informazioa bolo-bolo ibili da Espainiako hedabideetan, baina, oraingoan, Leopoldo Puente auziko instrukzio epaileak argudiatu du Prozedura Kriminalaren Legearen arabera sumarioetako eginbideak ez direla publikoak nahiz eta sekretupean ez egon.

Behin Cerdan auziari lotutako ikerketa batzordea martxan jarrita, Nafarroako Parlamentuak 99 informazio eskaera egin zituen: Nafarroako Gobernuari, Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Aurkako Nafarroako Bulegoari, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiei, Espainiako Kongresuari eta Senatuari... eta baita Auzitegi Nazionalari eta Auzitegi Gorenari ere. Horiei eskatu zien irailaren 15a baino lehen bidaltzeko auziaren inguruko «dokumentazio guztia», batzordeak aztertu zezan. Hau da, xedea zen epailearen aurretik igaro direnen deklarazioak eta polizia eta auzitegi txostenak eskuratzea.

Puente epailearen esanetan, baina, ikertuen oinarrizko eskubideen kontrakoa litzateke hori egitea, eta ondorioz, informazioa zabaltzen duen funtzionario publiko orok delitu bat egingo du. Azaldu duenez, Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak 2023an ebatzi zuen epaileek ezin diotela «gertaera edo zirkunstantziarik» ezagutarazi ikerketa batzorde parlamentario bati baldin eta «euren jarduera profesionalari esker» jakin badute halakoen berri. Ikusteko dago zer erantzungo duen Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno epaileak. Hura ari da auziaren inguruko ikerketa egiten auzitegi hartan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.