'CAN auzia'

Gorenaren arabera, ez dago eroskeria deliturik

Auzitegi Gorenak atzera bota du Yolanda Barcina Nafarroako Kutxako dieten auzian inputatzeko eskaera, Antonio Narvaez fiskalak egindako eskaera aintzat hartuta.

joxerra senar
2013ko uztailaren 24a
17:46
Entzun

Maria Paz Benito Iruñeko epaile instruktoreak egindako azalpen arrazoitua ez du tramiterako onartu Auzitegi Gorenak. Gorenaren arabera, Yolanda Barcinari leporatzen zaiona ezin daiteke delitutzat jo. Barcinari dagokionez, beraz, auzia artxibatu egiten da.

CANeko Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkorreko beste hiru kideen kasuan —Miguel Sanz lehendakari ohia, Alvaro Miranda Ekonomia kontseilari ohia eta Enrique Maia Iruñeko alkatea— Iruñean ikertzen jarraituko du, baina Gorenaren erabakia kontuan hartuta, Benitoren instrukzioa honez gero baldintzatuta gera daiteke.

Gorenak gogorazten duenez, inori ardura penal bat leporatzeko hainbat baldintza eman behar dira, eta pertsonak legeak zigortutako jarrera tipiko eta antijuridiko bat azaldu behar du eta objektiboki eta subjektiboki Zigor Kodeko figura bat egotzi behar zaio. “Ardura penaletik kanpo geratzen dira moralki, etikoki edo politikoki gaitzesgarriak izan daitezkeen jarrerak. Sistema penalaren legalitate printzipioekin alderatuta, beste ezaugarri batzuk dituzte”.

Maria Paz Benito Iruñeko epaile instruktorearen arabera, Batzorde Iraunkorreko kideek eroskeria desegokia delitua egin izanaren zantzuak daude.  Figura penal hori eman dadin, hainbat baldintza bete behar dira: “Opari bat” egon behar du (kasu honetan dieta), hartzaileak onartu behar du, hartzaileak funtzionario publikoa izan behar du, eta bere izaera publiko horregatik jaso behar du opari hori. Benitoren tesia da batzorde Iraunkorrean eseri ziren lau pertsonek, Barcinak barne, dieta baten truke eragotzi egin zutela aurrezki kutxaren aurkako neurririk hartzea, nahiz eta Nafarroako Gobernuaren eskumena izan bere kontrola.

Gorenak, ordea, bat egin du Antonio Narvaez Goreneko fiskalaren argudioarekin. Bere ustez, eroskeria delitu desegokiaren baldintza guztiak ez dira betetzen. Gorenaren arabera, Barcina ez zegoen Batzorde Iraunkorrean alkatea edo presidente zelako, Erakunde Sortzaileen Batzordeko kide zelako baizik. Haatik, Erakunde Sortzaileen Batzordeko kide zen bere izaera publikoagatik; hots, 2011ko ekainera arte Iruñeko alkatea moduan, eta 2011ko uztailetik Nafarroako lehendakari moduan. Horri buruz, ez du deus esaten Gorenak.

Gorenak gaineratzen du “zalantzazkoa” dela dietak oparitzat hartzea. OCDEren itun baten definizioaren arabera, opariak “bidegabeko etekina izan behar du, eta dirutan edo beste mota bateko faboretan ordaindu behar da”. Gorenaren arabera, zuzenbide penalean ezin da aztertu dieta horiek arrazoituta ote zeuden eta egindako esfortzuaren emaitza ziren. “Dena den, jarduera horretan subjektuak esfortzua egin behar du, denbora bat eman eta ardura bat izan”.

Gorenak ez du gehiago aztertzen hori. Dena den, bilerako ordu erdikoa zen epea, batzordeko kideak informazioa jasotzera mugatzen ziren eta ardura bakar bat ez zuten.

Azkenik, Gorenak dio eroskeria delituetan bi alde egon behar dutela: jasotzen duena eta ematen duena. Benito epaileak bere azalpen arrazoituan adierazten zuen bilerak batzorde Iraunkorreko  presidenteak deitzen zituela. Gorenak ondorioztatzen du ez zuela CANek deitzen. “hau da, dieta jasotzen duena eta hartzen duena pertsona bera dira eta ez Nafarroako Kutxa”. Hartara, eroskeria delituaren baldintzak ez direla betetzen deritzo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.