EAJren Euzkadi Buru Batzarrak gaur hasi du Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara aurkeztuko diren zerrendak osatzeko prozesua, eta egin ditu bere proposamenak. Gorka Urtaran Gasteizko alkate izandakoa eta Eneko Goia Donostiako alkate ohia azaltzen dira zerrendan. Legealdi honetan Espainiako Kongresuan egon direnen artean, Maribel Vaquero, Joseba Andoni Agirretxea, Idoia Sagastizabal eta Nerea Renteria ageri dira zerrendetan; ez, ordea, Mikel Legarda.
Alfabetikoki ordenatuta eman ditu proposamen zerrendak EBBk. Hala, Espainiako Kongresurako Arabako zerrendarako izen zerrendan Txerra Molinuevo —gaur egun Amurrioko alkatea da—, Ibone Santos eta Nagore Trepiana —gaur egun Laguardiako alkatea da— ageri dira, Urtaranekin batera. Azken hamar urteetan Legarda izan da jeltzaleen ordezkari Arabatik, baina oraingoan ez da ageri. El Correo-ren arabera, Urtaran izango da zerrendaburua. Senaturako, berriz, Eneritz Alonso, Jose Ignacio Arrieta, Nerea Bengoa, Angel Marcos Perez de Arriluzea, Arantza Iarza eta Saray Zarate —gaur egun Arabako Foru Aldundiko Ekonomia Garapena eta Berrikuntzaren saileko diputatua da— proposatu dituzte.
Lau izen aurkeztu dituzte Kongresurako eta sei Senaturako. Gaur egun, EAJk ordezkari bakarra du Espainiako Kongresuan —orotara, Arabako lau ordezkari daude: EH Bilduko bat, PPko bat eta PSE-EEko beste bat—; Senatuan, aldiz, ez du ordezkaririk —Adolfo Lander Vera EAJren taldean dagoen arren, PSOEkoa da—. PSE-EEko beste bi senatari daude Araba ordezkatzen, eta EH Bilduko beste bat.
Bizkaiko kasuan, gaur egun Kongresuan diren bi kide ageri dira proposamenen artean, Sagastizabal eta Renteria —Aitor Esteban ordezkatu zuen—, eta, haiekin batera, Jon Andoni Atutxa —legebiltzarkidea da—, Amaia del Campo —gaur egun Barakaldoko alkatea da—, Imanol Landa —Espainiako senatari ohia eta Getxoko alkate ohia da—, Igotz Lopez, Aitor Sorriketa —gaur egun Bediako alkatea da— eta Maitane Zearreta. Senaturako zerrenda, berriz, hauek osatzen dute: Nerea Ahedo, Keltse Eiguren, Maria Dolores Etxano, Etor Gorroño, Kepa Lanbarri eta Martin Perez.
EAJk sei izen proposamen egin ditu Kongresurako, eta beste sei Senaturako. Gaur egun, EAJk bi eserleku ditu Kongresuan —horiez gainera, EH Bilduko bi partaide, PSE-EEko beste bi, PPko bat eta Sumarreko bat daude—, eta hiru Senatuan. Senatuan lau senatari ditu Bizkaiak, eta azken senataria EH Bildukoa da.
Azkenik, Gipuzkoako zerrendan, Agirretxea eta Vaquero eleduna ageri dira, eta horiekin batera Goia bera, Lide Amilibia, Olatz Arrese eta Xabier Txurruka —gaur egun Zarauzko alkatea da—. Senaturako bozetarako proposatutakoak, berriz, Eli Huegun, Xabier Insausti, Iker Laka, Elena Lete —Bergarako alkate ohia da—, Luke Uribe-Etxebarria eta Bittori Zabala dira.
Gipuzkoako zerrendan ere seina izen proposatu dituzte Kongresurako eta Senaturako. Gaur egun, EAJk bi eserleku ditu Kongresuan, eta bakarra Senatuan: Luke Uribe-Etxebarria. Kongresuan, orotara, sei diputatu direnez, gainerako kideetatik bi EH Bildukoak dira, eta beste bi, PSE-EEkoak. Gipuzkoako senatariak ere lau dira denera, eta, Uribe-Etxeberriaz gain, gainerako hirurak EH Bildukoak dira.
Prozesua, beti bezala
Bihartik aurrera, jeltzaleek, Uri Buru Batzarretan bilduta, alderdiko zuzendaritzak proposatutako zerrendak berretsi edo beste hautagai batzuk proposatu ahal izango dituzte. Bihar bertan hasiko da lehen hautespen aldia, eta urriaren 11ra arte iraungo du. Uri Buru Batzar bakoitzak bigarren itzulian bozkatuko du behin betiko proposamena, urriaren 13tik urriaren 15era bitartean.
Prozesua urriaren 17an amaituko da, egun horretan egingo duten Ezohiko Aberri Batzarrean. Adierazi dute presaz abiatu dutela zerrendak osatzeko deialdia, eta ohi baino denbora gutxiago izango dutela prozesu hau egiteko.
EH Bilduren zerrenda, hurrengo astean
EH Bilduk iragarri du urriaren 16an jakinaraziko duela Mahai Politikoak zer hautagai proposatuko dituen Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako. Egun horretan bilduko da koalizio subiranistako zuzendaritza, eta Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako hautagaiak proposatuko dituzte. Bilkideek hurrengo bi egunetan bozkatu ahal izango dute, bozketa telematiko bidez. Hala, urriaren 19rako aurkeztuko dute Espainiako Kongresurako eta Senaturako hautagaien zerrenda. Ja
kinarazi dute lehenbailehen abiatu dutela prozesu hori, Espainiako Gorteetarako hauteskundeen deia aurreratu egin dutela eta.