Gaur, 16:00ak aldera, gorpu bat ikusi dute flotatzen Pasaiako badian, San Pedroko kaiaren parean.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldu duenez, herritar batek ikusi du gorpua, eta abisua eman du. San Pedro arraun taldearen egoitzaren parean zegoen.
Erreskate taldeak hara joan dira, eta arrapalara eraman dute gorpua. Lerrook idazteko orduan, hildakoa identifikatzeko lanetan ari ziren.
Jaiak ospatzen ari dira Pasaiako Donibane barrutian, gorpua agertu den lekuaren parean, bokalearen beste aldean.
EITBk zabaldu duenez, baliteke hildakoa ostegunetik galduta zegoen gizonezko bat izatea. Azaldu dutenez, egun horretan bi lagun murgildu ziren uretara inguru horretan, eta horietako baten berririk ez zegoen geroztik.