«Gorrotorik» gabeko bideak, elkarrizketan

Hainbat indarkeria motaren biktimak jarri dituzte elkarrizketan 'Reconciliación' dokumentalean. Senide bat galtzeak eraginiko mina oinarri hartuta, bizikidetzaren eta adiskidetzearen inguruan aritu dira.

Fermin Aiok zuzendutako dokumentalaren aurkezpena, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
2014ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Reconciliación (Adiskidetzea) du izenburu dokumentalak. Hainbat indarkeria motaren biktimak jarri ditu elkarrizketan Fermin Aiok (Getxo, Bizkaia,1970) zuzendutako lantaldeak, esperientziak eta ikuspegiak trukatzen. Funtsean, jarrera hori nabarmendu du Aiok. Izenburua bera adibide: «Batzuek ez dute hitz hori zuzen ikusten, esaten baitute ez direla inorekin borrokan aritu. Baina gauza batean ados zeuden: garrantzitsuena ez dela hitza bera, bidea baizik». Atzo aurkeztu zuten filma, Bilbon, Zinexit zikloaren barruan. Han izan ziren, besteak beste, filmeko protagonista batzuk eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu.

Bost hizketaldi dira ordubeteko lanaren ardatz. Hamar ahots denera: Ines Nuñez eta Iñaki Garcia —Francisco Javier Nuñezen alaba, Espainiako Poliziak hila; eta Juan Manuel Garciaren semea, Komando Autonomoek hila—; Edurne Brourd eta Fernando Garrido—Santi Brouarden alaba, GALek hila; eta Rafael Garridoren semea, ETAk hila—; Jon Doral eta Leire Goikoetxea —Montxo Doralen semea eta Joseba Goikoetxearen alaba, ETAk hilak—; Sara Buesa eta Josu Elespe —Fernando Buesaren alaba eta Froilan Elesperen semea, ETAk hilak—; eta Pili Zabala eta Andoitz Korta —Joxi Zabalaren arreba, GALek bahitu, torturatu eta hila; eta Jose Mari Kortaren semea, ETAk hila—.

Hurbileko senide baten hilketatik hasten da bidea guztientzat. Minetik, beraz. Adiskidetzea edo, behintzat, etorkizuneko bizikidetza hobetzea dute helmuga elkarrizketa guztiek. Eta bidean, hainbat bizipen eta ikuspegi: senidearen hutsuneaz, horrekin bizitzeaz, familiaren garrantziaz, aitorpenaz eta justiziaz, jasotako edo jaso gabeko babesaz, autokritikaz, barkamenaz... Bakoitzak du bere istorioa, baina bat egiten dute gauza batean: «gorrotorik» ez dutela diote. Batzuek, ez dutela sekula izan, eta izan dutenek, gainditzen ikasi dutela.

Donostiako gotzain ohi Juan Maria Uriarteren liburu batek ekarri zion Aiori proiektuan murgiltzeko «inspirazioa». Zuzendariak azaldu duenez, Uriartek «etxeko lanak» jarri zizkion gizarteari La reconciliación lanean. «Haietako bat komunikabideei, elkarbizitza lantzeko dugun egitekoaz». Esperientzia «berezia» izan da sortze prozesua, Aioren hitzetan: «Halako burbuila intimo bat sortzen zen haien artean, bihotzez hitz egiten zuten. Eta aukera izan dugu horren lekuko izateko». Eta gizartearentzat ikasgai edo mezu indartsua utzi du ahalegin horrek: «Halako mina jasan duten arren, gainera konpromisoa hartu dute gauzak konpontzeko, elkarbizitza lantzeko».

Telebistara eta eskoletara

Biktimenez gain, beste hiru pertsonaren hitzak ere bildu dituzte dokumentalean: Juan Maria Uriarte gotzain ohiarenak, Maixabel Lasa Eusko Jaurlaritzako Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendari ohiarenak —ETAk hildako Juan Mari Jauregiren alarguna ere bada— eta 18/98 auzian epaitutako Sabino Ormazabalenak —antimilitarista eta ekologista da, Indarkeria-Eza Aktiboaren sustatzailea—. Besteak beste, egiaren, justiziaren eta elkarrizketaren beharra nabarmendu dute, nork bere ikuspegitik.

Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza Idazkaritzaren babesa izan du proiektuak, eta eskoletan erabiliko dute material pedagogiko gisa. Azaroaren 10ean ikusi ahal izango da ETBn. Bidea egingo du, beraz. Hori baita garrantzitsua, Aioren esanetan: «Zein bide egiten dugun, zein pauso ematen ditugun indarkeriaren ondorioak konpontzeko eta etorkizuneko elkarbizitza bakean egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.