Erronkan parte hartzea, dantza pixka bat egitea, lagunartean bazkaltzea eta musika emanaldiren bat entzutea. Hori izan daiteke aukeretako bat; Go!azen telesailekoen arrimuan gorputza astintzea, puzgarrietan ibiltzea eta txalaparta tailerrean parte hartzea beste bat; eta, hala nahi duenak, Oinez ginkanan parte hartzeko, Kaiku baserriaren tailerrean gozatzeko eta zezen mekanikora igotzeko aukera ere izango du. Zabal-zabala da menua, eta bakarra da baldintza: gozatzea.
Urtero bezala, adin guztietako herritarrentzat egitaraua prestatu dute Nafarroa Oinez-en antolatzaileek. Zizur Nagusia, Ardoi eta Galar lotuko ditu aurtengo ibilbideak, eta hiru gune izango ditu; horietako bat, Zizur Nagusian, eta beste biak bi lursailetan. San Fermin eta Erentzun ikastolek elkarlana nola, ibilbideak halaxe saretuko ditu hirigunea eta natur ingurunea.
Iaz Atarrabian gertatu bezala, aurten ere ibilbidea ez da zirkularra izango, eta oso erosoa izango da batetik bestera nahieran ibiltzea. Txosna, denda eta gainerakoekin batera, egitarau zehatz bat izango du gune bakoitzak, eta erronkak zipriztinduko ditu hiru txokoak —baita Ardoiko urmaela ere, ibilbidetik kanpokoa—.

Gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko eta aisialdi osasuntsua bultzatzeko helburuarekin sortu zuten, duela hamabi urte, erronka, Zangozan egin zuten Nafarroa Oinez jaian, eta, antolatzaileen hitzetan, «erabat errotuta» dago jada. Nafarroako hamabi ikastolatako DBHko 3. eta 4. mailako 150 bat gaztek parte hartuko dute aurten, eta lekukoa eta 1.000 euroko saria jasoko du talde garaileak. Gazteek 10:00etan izango dute lehen proba, Ardoiko urmaelean; 11:00etan bigarrena, lehenengo gunean; 12:00etan hirugarrena, bigarren gunean; eta 13:00etan laugarrena eta azkena, hirugarren gunean. 14:00etan banatuko dituzte sariak, hirugarren gunean bertan.
Berritasunak ere bai
Aurten bada berritasun bat: Oinez familia ginkana, 6 eta 14 urte arteko haurrentzat eta haien familientzat; proposamen dinamiko eta irisgarria izango da.
Kontzertuei dagokienez, Motxila 21, Kantu Salda, Trikidantz eta Urtz arituko dira lehen gunean —Go!azen-en emanaldia ere bertan izango da, 12:00etan—; Atxa jaunak, Korrontzi eta Mugan taldeen emanaldiak izango dira bigarren gunean; eta Demode Quartet, La Basu, X Sakara eta Eztitan taldeenak hirugarrenean —Xaiborrek gazteenak dantzan jarriko ditu gune horretan bertan, 11:00etan—.

Etxeko txikienek bereziki barrua askatzeko gogoa eta beharra izaten dute horrelako egunetan, eta egun guztian ez da faltako horretarako aukerarik: Makusi gunea, puzgarriak, haur jarduerak, nasapuntakoa bizikletaz, elikadura tailerra, Kaikuren sormen tailerra, txalaparta tailerra, zezen mekanikoa, barredora... Aspertzea izango da zailena bihar Nafarroa Oinez-en.
Nafarroako ikastolen aldeko jaiak herritarrak izaten ditu beti pizgarri, eta, emanaldi ofizialez gain, ibilbideko hainbat txokotan giro berezia sortuko da egun guztian, ez direlako faltako trikitilariak, dultzaineroak eta irrintzi doinuak.
Bezperatik girotuta
Nafarroa Oinez eguna Oinez Asteburu bihurtuta dago aspaldian, eta aurten ere hala gertatuko da. Izan ere, gaur bertan, larunbatarekin, giro berezia sortuko da Zizur Nagusiko erdialdean.
11:00etan irekiko dute artisau azoka, eta zabalik egongo da 21:00ak arte. 11:30etik 14:00etara, berriz, Nafarroa Oinez Pilota Txapelketaren finala jokatuko dute. Tarte horretan, Pilotaren historia erakusketa ere ikusi ahal izango da, Nafarroako Pilota Jokoen Kultur Elkartearen eskutik. Berriak jarduera berezi bat egingo du tarte horretan: Mantangorri tailerra. Birziklapen sormen tailerra ere egingo dute.
Bazkalondoren, 17:00etan, magia ikuskizuna eskainiko du Kidam magoak —BERRIA da saio horren antolatzailea—. Arratsalde-iluntze partean, berriz, bi kontzertu izango dira. Lilo taldea igoko da oholtzara 18:00etan, eta Muxutruk taldearen txanda izango da ondoren, 20:00etan. Hori bai, beroketa lana besterik ez da izango gaurkoa.