Greba urriaren 27an. Afapna, ANPE, APS, CCOO, CSIF, ELA, EILAS, LAB eta UGT sindikatuek grebarako deialdia egin diete Nafarroako irakasleei. Hezkuntza Departamentuak egin dituen—eta egin ditzakeen— murrizketen aurkako neurria izanen da hori; hala ere, ez da izanen bakarra. Izan ere, mobilizazio gehiago iragarri dituzte urrirako. Lanuzteak antolatu dituzte, eta baita manifestazioa ere; azkeneko hori gizarte osoari zuzendua. Gainera, ostiralero elkarretaratzeak eginen dituzte ikastetxeen atarietan.
«Presio gehiago behar da». Amaia Zubieta EILASeko ordezkariak uste du sindikatuak bide onetik doazela. Horregatik jarraituko dute mobilizazioekin. Lanuzteak urriaren 18an, 20an eta 25ean eginen dituzte. Lehenbiziko egunean Lehen eta Haur Hezkuntzakoek ordubeteko lanuztea eginen dute. 20an, Bigarren Hezkuntzakoen txanda izanen da. 25ean, berriz, guziek eginen dute lanuztea, eta bi ordukoa izanen da. Aste horietan gizarte osoari ere dei eginen diote manifestazio batean parte hartzeko.
Batzarrekin ere jarraituko dute, bai eskualdeka bai zentroka, hala behar izanez gero. Baina, lan horretarako ordu sindikalik ez dutela salatu dute; beraz, arratsaldean eginen dituzte bilerak. Sindikatuek txosten bat prestatu dute egoera aztertuz, eta eskoletan zabaldu nahi dute. Hezkuntza komunitateari helaraziko diote, baita gizarte osoari ere. Murrizketen ondorioak azaldu nahi dituzte ikastetxeetan ere. Horretaz gain, mobilizazioen egutegia banatuko dute zentroetan.
Mobilizazioak iragarri dituzten arren, negoziatzeko prestasuna azaldu dute sindikatuek. Hala ere, Hezkuntza Departamentuak eta sindikatuek negoziazioa «modu ezberdinean» ulertzen dutela uste du Zubietak. Azaldu duenez, Jose Iribas kontseilariak errieta egin die mahai inguruan jarri diren guzietan, eta, ondotik, «hitz politak» esan dizkie. Beraz, «benetan negoziatzeko» deia egin diote Iribasi. Horretarako, hasieratik aipatu dituzten bost puntuak onartu beharko lituzke; besteak beste, murrizketa gehiagorik ez egiteko konpromisoa.
Zubietak esan du badakitela egoera ekonomikoa «larria» dela eta Nafarroako Gobernuko aurrekontuan zuloak direla. Baina hori ez da aitzakia ona. «Lehentasunak jarri behar ditu; ezin du esan dirurik ez dagoela».
Gobernuari kritikak
Mobilizazioekin bide onetik joan arren, haserreturik mintzatuda Expe Iriarte LABeko ordezkaria. Hitz zuzen eta gogorrak izan ditu Nafarroako Gobernuarentzat, oro har, eta Jose IribasHezkuntza kontseilariarentzat, batik bat. «Departamentuak erdipurdi kudeatu ditu esku artean zituen baliabideak», esan du Iriartek. Hezkuntza «gastu gisa» du Nafarroako Gobernuak, LABeko ordezkariaren aburuz, eta horregatik kritikatu du haren jarduera. «Hezkuntza eta etorkizuneko belaunaldiak zenbaki gisa tratatzen dituztela dirudi; gaur gehiago emanez eta bihar gutxiago».
Murrizketek hezkuntzaren kalitateari kalte eginen diotela uste dute, eta, gainera, murrizketa gehiago eginen diren beldur dira. Nafarroako hezkuntzak duen «maila ona» galtzen ez uzteko eskatu diote UPN eta PSN alderdiek osatzen duten gobernuari. Horregatik, bi aukera eman dizkiete: azpiegituretan inbertitu edo etorkizunaren aldeko apustua egin. Gainera, errespetua exijitu diote Jose Iribas Hezkuntza kontseilariari. Izan ere, lan gutxi egitea leporatu die irakasleei, Iriartek dioenez.
Gezurretan aritzea ere egotzi diote Iribasi. «Murrizketa gehiagorik ez dagoela eta egoera normala dela esan du Hezkuntza Departamentuak», azaldu du Amaia Zubietak. Sindikatuen aburuz, hori ez da egia. Ikastetxeetatik jaso dituzten datuak «nahiko larriak» direla uste du. Izan ere, bikoizketak ez dira egin ikastetxe batzuetan, eta gela bakoitzean sar daitekeen gehienezko ikasle kopurua gainditu eginda kasu batzuetan. Aniztasun trataerak ere geroz eta murrizketa handiagoak jasaten ari dela azaldu du. Bestalde, hainbatikastetxetan Batxilergoko hautazko ikasgai batzuk emateko aukerarik ez dutela izan aipatu du.
OCDEk argitaratu duen txostena ere hizpide izan dute: Hego Euskal Herriko irakasleek Europako hainbat herrialdetan baino ordu gehiago egiten dute lan, haren arabera. «Gure aldarrikapenak bide onetik doazela agerian uzten du». Egoera horretan hezkuntzan murrizketak egitea «oso larria» dela ondorioztatu du EILASeko ordezkariak txostena irakurtzerakoan.
Hezkuntza kontseilariak Nafarroako hezkuntzaren egoera ona azpimarratu ohi du, betiere Espainiako erkidegoekin alderatuz. Zubietak egoera hobea dutenekin aldera dezala eskatu dio. «Ez gaitzatela alderatu okerrago daudenekin; inbertsioak beharrezkoak dira».
Oztopoak mobilizazioetan
Atzo goizean batzarra egin zuten sindikatuek irakasleekin. Eguerdian bildu ziren denak Gurutzeko Plaza institutuan. Bertan azaldu zieten mobilizazioen egutegia, eta irakasleen ekarpenak jaso zituzten amaieran. 600 lagun inguruk bete zuten institutuko aretoa, eta manifestazioa ere egin zuten.
Expe Iriarte kontent azaldu da batzarrak izan duen harrerarekin, oztopoak oztopo. «Batzarrean jende askok parte hartu du, nahiz eta ordu sindikalak hartzeko arazoak izan diren, eta deialdia bertan behera utzi zelako gezurra zabaldu arren». Horrelako ekintzek ez dutela batere laguntzen salatu du.
Manifestazioa Gurutzeko plazan hasi zen, eta parlamentuan akitu. Murrizketen eta Hezkuntza kontseilariaren kudeaketaren aurkako oihuak egin zituzten irakasleek. UPNren egoitzatik pasatzean, atzeraka ibili ziren, murrizketekin Iribasek atzerapausoak ematen ari dela adierazteko.
Hezkuntza. Protestak Nafarroan
Greba eginen dute irakasle nafarrek murrizketen aurka
Urriaren 27rako deia egin dute ordezkaritza duten bederatzi sindikatuek, eta oraindik ere negoziatzeko prest daudela esan duteMobilizazio gehiago ere iragarri dituzte urrirako, eta hainbat lanuzte eginen dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu