Greba egiten ari dira Arabako zahar etxe pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileak

ELA eta LAB sindikatuek deitu dute grebara, eta mugimendu feministak, Arabako Pentsionistak Lanean kolektiboak eta egoitzetako erabiltzaileen senideek babestu dute. Hitzarmen berria aldarrikatzen dute.

Arabako zahar etxe pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileen elkarretaratzea, gaur, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Arabako zahar etxe pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileen elkarretaratzea, gaur, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
edurne begiristain
2024ko apirilaren 25a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Greba eguna dute gaur Arabako zahar egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileek, sektorearentat hitzarmena eskatzeko. Lau urte baino gehiago daramate «baldintza duinak» bermatuko dituen hitzarmen baten alde borrokan, eta denbora honetan guztian 32 lanuzte egin dituzte. ELA eta LAB sindikatuek deitu dute grebara, eta mugimendu feministak, Arabako Pentsionistak Lanean kolektiboak eta egoitzetako erabiltzaileen senideen bi elkartek babestu dute.

Goizean, elkarretaratzea egin dute erresidentzia pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileek Andre Maria Zuriaren plazan, eta ondoren, mahai inguru baten bueltan haien lan baldintzen berri eman dute. 18:30ean manifestazioa egingo dute Bilbo Plazatik abiatuta, Foru Aldundiaren egoitzan amaitzeko.

ELAk eta LABek salatu dute erakundeek eta patronalak negoziatzeko «borondate eskasa» dutela, eta martxotik ez dela elkarrizketa mahaia  bildu. Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak «gehiegizkoak» izanik ere, grebaren jarraipena arrakastatsua izaten ari dela azpimarratu dute sindikatuek.

Arabako erresidentzien elkarteak, bere aldetik, ohar bidez jakinarazi du langileen %1ek soilik egin duela bat greba deialdiarekin. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.