Greba eta mobilizazio egunak dira gaur eta bihar Hego Euskal Herriko osasun sistema publikoetako medikuentzat. Espainiako Gobernua osasun langile guztien estatutua negoziatzen ari da, eta medikuek estatutu edo baldintza propioak eskatzen dituzte. Hori da greba egiteko arrazoia. Grebarekin bat egin dute SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuak eta SMN Nafarroako Sindikatu Medikoak.
Mobilizazioak egin dituzte: manifestazioa egin dute goizean goiz Donostia ospitalean, eta elkarretaratzea 11:00etan, Gurutzetako ospitaleko atarian (Barakaldo, Bizkaia); bestalde, manifestazioa egin dute 19:00etan Iruñeko Gaztelu plazatik Nafarroako jauregira, Medikurik gabe ez dago medikuntzarik lelopean, eta elkarretaratzea bihar, 11:00etan, Gasteizko Olagibel osasun zentroan. Sindikatuak pozik daude grebak eta mobilizazioek izan duten erantzunarekin. «Medikuek interes handia dute, eta, gutxieneko zerbitzuek uzten duten neurrian, grebak eragin nabarmena izan du», adierazi du Alberto Perez SMNko idazkari nagusiak.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eman ditu grebak goizeko txandan izandako parte hartzearen datuak: lau langiletik batek (%23,74) greba egin du Bizkaian, bostetik batek Gipuzkoan (%18,76) eta hamarretik batek Araban (%8,91). Datu orokorrak baino ez ditu eman, eta SMEk eskatu izan dio datu zehatzak emateko: adierazteko zenbatek aritu behar izan duten gutxieneko zerbitzuetan, eta zehazteko datuak arreta motaren arabera —lehen arreta eta ospitaleak—, esaterako.
Ordezkaritza eskasa
Medikuek zuzenean negoziatu nahi dituzte beren oinarrizko lan baldintzak Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioarekin: «Planteamendu hori egiten ari gara. Urtebete daramagu mobilizatzen, baina ministerioak ezetz erantzuten digu», azaldu dio Ana Santorcuatok Europa Press agentziari. Gurutzetako larrialdietako medikua eta SMEko ordezkaria da Santorcuato. Mobilizazioak eginda ere, ez dute lortu eskaerak aintzat hartzea, eta Espainiako Osasun Ministerioak uko egin dio medikuentzat estatutu propio bat onartzeari.
Medikuen ordezkari bat badago negoziazio mahaian, baina, Santorcuatoren esanetan, haien ordezkaritza «hutsaren hurrengoa da», ordezkari bakar bat baitute, eta negoziazioan parte hartzeko aukera badu ere ez baitu botoa emateko eskubiderik. Salatu du negoziazio mahaian hartzen diren erabakiek ez dituztela aintzat hartzen medikuen «ezaugarriak». Ezaugarri «oso espezifikoak», osasun sistemako beste langileekin alderatuta «oso desberdinak».
Ezaugarri horien artean nagusiak medikuen «gaitasun eta prestakuntza berezia» eta haien konpetentziak dira, SMEko ordezkariaren arabera: «Argi eta garbi zehaztuta egon beharko lukete sailkapen profesionalean». Berezitasunaren ingurukoak gehiago zehaztu ditu Perezek: «Inola ere ez dugu onartuko funtzionarioen talde berean sartzea, alde batetik, sistema publikoan lan egin ahal izateko sei urteko ikasketak, urtebeteko BAME barne mediku egoiliarren prestakuntza eta lau edo bost urteko espezializazioa egiten dituen mediku bat, eta, bestetik, lau urteko unibertsitate ikasketak bakarrik egiten dituztenak». SMNko idazkari nagusiak uste du prestakuntza horrek isla izan behar duela bai soldatetan, «baita lidergoan eta erabakitzeko gaitasunean ere».
«Nekatuta eta nazkatuta»
Santorcuatok zehaztu du estrategia berrikusten ari direla, eta ez dutela baztertu ekintza «mugagabeak» egitea, greba mugagabea alegia. «Nekatuta eta nazkatuta gaude». Nekatuta eta nazkatuta, lanaldiak oso luzeak direlako eta lan asko dutelako, eta administrazioek ez dituztelako zerbitzuak indartzen horri aurre egiteko. «Esklaboen pareko lanaldiak ditugu», salatu du. Funtzionarioak dira, «baina gainerako funtzionarioek baino ordu gehiago lan egitera behartzen gaituzte, eta, gainera, hori ez dute aintzat hartzen erretiroa hartzeko orduan». Garciak salatu du Nafarroan mediku batzuek 80 edo 90 ordu lan egiten dutela astean, hau da, ohiko lanaldiaren halako hiru: «Onartezina da».
Lanaldi arruntetik kanpo egiten dituzten orduek ordainsari egokia izatea eta erretiroa hartzeko orduan aintzat hartzea nahi dute, besteak beste. Izan ere, ordu horien ordaina ordu arruntena baino apalagoa da, eta ez dira aintzat hartzen erretiro adina aurreratu ahal izateko. «Gainera», salatu du Perezek, «ordu horiek derrigorrezkoak dira, aparteko orduak ez bezala, borondatezkoak eta mugatuak izaten baitira».
«Langileak falta dira», gehitu du Santorcuatok, «luzera begirako plangintza ez delako ondo egin eta ez dutelako jakin profesionalei bertan eusten». Bat dator Perez: «Gero eta gehiago estutzen gaituzte, medikuak falta dira eta lan baldintzak zailtzen ari dira. Espainiako medikuek ikusten dute Nafarroan zer gertatzen den, eta ez dira etortzen. Ondorioz, arazoa betikotu eta larritu egiten da. Egoera eutsiezina da».
medikuen eskaera nagusiak