Duela hiru urteko greba feminista orokorrean hainbat feminista atxilotu zituzten, urtebete geroago epaitegian deklaratu behar izan zuten, eta ia hiru urteren ostean izan dute zigorraren berri. Sei hilabeteko espetxe zigorra edo mila eurotik gorako isunak. «Biak ala biak, zigor onartezinak», mugimendu feministaren esanetan.Â
Donostiako epaitegiaren aurrean elkarretaratzea egin dute gaur goizean Denon Bizitzak Erdigunean plataformako kideek, hiru kideri babesa adierazteko. «Zaintza sistema publikoa orain! Borrokan jarraituko dugu!» idatzita zeukan pankartaren atzean 50 lagun inguru bildu dira.
Laura Iparragirre eta Biki Pozo mugimendu feministako kideek azaldu dutenez, zaintza sistema publiko komunitarioa eskatu zuten herritarrek 2023ko azaroaren 30eko greban. Mugimendu feministak zaintzaren eta lanaren banaketa sexuala urte luzez politizatu ostean, Euskal Herriko hainbat eragileren eta subjekturen borroka artikulatuaren emaitza izan zen egun hura.Â
Greba eguneko mobilizazioetan parte hartu zuten hainbat pertsona identifikatu zituzten, eta horietako batzuk atxilotu. Horien artean daude Zumaiako (Gipuzkoa) hiru kide; desordena publikoa egotzita, sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri diete, edo, akordio batera iritsiz gero, 1.000 eurotik gorako isunak ordaindu beharko dituzte. «Biak ala biak zigor onartezinak» direla nabarmendu dute mugimendu feministako kideek.
Zumaian ez ezik, Gasteizen ere hainbat kide identifikatu zituzten. Gaurko elkarretaratzean haiei ere elkartasuna eta babesa helarazi diete, eta epaia ere gogoratu dute: desobedientziagatik eta agintaritzaren aurkako atentatuagatik epaitu zituzten, eta delitu bakoitzagatik sei hilabeteko espetxealdira eta kostuak ordaintzera zigortu dituzte.
Argi utzi dute «halako erasoek eta epaiek zaintza eraldatzeko borroka oztopatzea» dutela helburu, eta borroka horren alde lanean dauden kideak geldiarazteko asmoz egiten direla. Horren aurka jarrera irmoa izango dutela berretsi dute: «Antolakuntzari eta desobedientziari jazartzen zaizkien sistemaren aurka, borrokan jarraituko dugu!».
Mobilizazio nazionala
Egungo testuinguruaren interpretazioa plazaratu dute agerraldian. Adierazi dute «askotariko krisiak» areagotzen ari direla, besteak beste zerbitzu publikoen pribatizazioa eragiten dutenak. Azpimarratu dute sistemak berak oraindik ere familien bizkar uzten duela zaintza lanen pisua, bereziki emakumeen eta emakume arrazializatuen bizkar; «gehienetan, baldintza prekarioetan eta ikusezinetan ari dira lanean».
Faxismoaren eta jarrera autoritarioen gorakada ere jarri dituzte erdigunean: «Diskurtso misoginoak, arrazistak eta klasistak indartzen ari dira, eta eskubide sozialen eta kolektiboen aurkako erasoak zabaltzen». Horrez gain, «mugimendu sozialen aurkako kriminalizazioa eta errepresioa» ere areagotzen ari dela adierazi dute.Â
Haien arabera, horren guztiaren aurka «borrokan jarraitzea» dagokie, «halako erasoei aurre egiteko eta sistema bera errotik aldatzeko, tartean zaintza eraldatuz». Gogorarazi dute mobilizazio nazionala egingo dutela 2027ko apirilaren 17an, Bilbon, Zaintza, herri konpromisoa! lelopean. «Egun hori zaintza eraldatzeko herri konpromisoaren adierazpen bateratua izatea nahi dugu, ardurak hartzea exijitzeko eta garaipen berriak lortzeko urrats bat gehiago», esan dute.