LAN GATAZKA

Greba mugagabera deitu dituzte justizia administrazioko langileak

Nafarroan, CCOO, STAJ, Afapna, LAB, UGT eta CSIF sindikatuek salatu dute Espainiako Gobernuak ezarri nahi dituen aldaketak «langileen kalterako» izanen direla

Justizia administrazioko langileen elkarretaratzea, gaur, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren aurrean. JESUS DIGES / EFE
Ion Orzaiz.
2023ko apirilaren 17a
12:57
Entzun

Auzitegietako administrari eta bulegoko langileek lanuzte mugagabea abiatu dute, CCOO, STAJ, LAB, UGT eta CSIF sindikatuek deituta. Aldarrikatu dute Espainiako Gobernuak erreforma bat abiarazi duela sektore horretan, baina ez dituztela aintzat hartu langileak, eta ez zaiela eskaintzarik egin.

Gaurtik aitzinera, lanuzteak eginen dituzte egunero 10:00etatik 13:00etara, eta, horiez gain, egun osoko greba eginen dute asteazkenean. Egun horretan, Madrilen egitekoa den manifestazioarekin bat eginen dute Hego Euskal Herriko sindikatuek ere. Gaur goizean hasi dute mobilizazio sorta, Iruñean elkartu baitira sindikatuak, Funtzio argiak, bidezko soldatak lelopean.

Elkarretaratzean, CCOOko Pedro Esparzak hitz egin du sindikatu guztien izenean. Azaldu du lanuztera deitu dituztela «justizia administrazioko funtzionarioak, auzitegietako bulegoetan lan egiten dutenak, behin-behineko langileak, auzi medikuak... beharginak, alegia». Nafarroan, 600 bat langile ari dira sektore horretan lanean.

Grebarako motiboen artean, Esparzak adierazi du Espainiako Gobernuak «goitik behera» aldatu nahi duela justizia administrazioaren antolakuntza. «Antolakuntza hobetzeko legea tramitatzen ari dira, baina guri ez digute ezer kontsultatu, ezta iritzirik galdetu ere», esan du CCOOko kideak. Lege horren tramitazioan, Ogasun Ministerioak eta justizia administrazioko abokatuek lortutako akordioa «kaltegarria» izanen da gainerako langileentzat: «Justizia administrazioko abokatuak dira langile guztien %6 inguru. Gainerakoei ez ikusiarena egin digute, organo judizialetako funtzioen %90 egiten ditugun arren; akordio honen bidez, handitu eginen da justizia administrazioko abokatuen eta langile orokorren arteko arrakala. Haiek ordainsaria jasoko dute guk egiten ditugun lanengatik».

Hori dela eta, sindikatuek eskatu dute bertan behera gera dadila legearen tramitazioa Espainiako Parlamentuan, «Justizia Administrazioko mahai sektorialean akordio bat lortu arte». Horrez gain, justizia administrazioko langileen «aintzatespen profesionala eta horren araberako soldata igoera» aldarrikatu dituzte. Zehazki, 350 eta 430 euro arteko soldata igoera eskatu dute sindikatuek, postuaren arabera.

Gaur hasitako grebaren ondorioei buruz galdetuta, Esparzak adierazi du lanuzteek «epaiketak bertan behera uztea eta prozeduren tramitazioa matsotzea» eraginen duela, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.