Etxeko langileek ere bat egin dute etziko greba orokorrarekin. Denon Bizitzak Erdigunean plataformak eta etxeko langileen hainbat kolektibok agerraldia egin dute gaur Bilbon; azaldu dute deialdiak zuzenean eragiten diola euren kolektiboari —etxeko langileen %68k hilean 1.500 euro baino gutxiago irabazten dituzte—, eskatu dute greba egunean langile guztiak kontuan hartzeko, eta etxeko langileen greba eskubidea errespetatzea aldarrikatu.
Kontatu dute greba orokor feminista erronka handia izan zela etxeko langileentzat, baina asko ikasteko balio izan ziela: «Greba eredu klasikoek erdigunean nor jarri izan duten eta nor ikusezin bilakatu izan duten ikasi dugu azken lanuzteetan eta greba feminista orokorrean. Baita badirela gelditu ezin diren eta bizitza sostengatzen duten lanak ere, historikoki emakumeon bizkarrean jarri direnak eta baita pertsona migratu eta arrazializatuek betetzen dituztenak ere».

Horregatik, adierazi dute ezen, greba arrakastatsua izan dadin, beharrezkoa dela langile guztiak kontuan hartzen saiatzea, guztiek ez dutelako greba egiteko egoera bera. «Arretaz antolatu eta begiratu beharko dugu lehen lerroa zeinek hartzen duen, nork okupatzen duen espazioa, eta nork ez», zehaztu dute.Â
Etxeko langileen arabera, martxoaren 17ko grebak erdigunean jartzen ditu «pobretzeak eta prekarizazioak kalte handiena egiten dien sektoreak», hala nola emakumeak, migratzaileak, gazteak eta desgaitasunen bat dutenak, «historikoki subjektu ikusgai gisa aitortu ez diren sektoreak».Â
Besokoa eta mosaikoa
Etxeko langilen egoerari buruz, kontatu dute %68 direla hilean 1.500 euro baino gutxiago jasotzen dutenak, eta astean 60 ordu baino gehiago egiten dutela lan. Egoera are okerragoa dute egoera administratibo irregularrean daudenek.Â
Horregatik, sektoreko langileak greban presente egon daitezen, atxikimendua adierazteko bi modu proposatu dizkiete lanuztea egiteko zailtasun handienak dituztenei —etxeko eta zaintzako langileei bereziki—: besoko laranja bat janztea egunean zehar, eta mosaiko digital kolektibo bat osatzea langileen irudi askorekin. #EtxekolangileokEreGrebaOrokorra traola baliatuko dute horretarako.
Amaitzeko, zuzenean interpelatu dituzte etxeko langileen enplegatzaileak, «eta, beraz, patronala diren horiek guztiak, nahiz eta askotan langile klaseko pertsonak diren»: «Etxeko eta zaintza langileek (ere) greba eskubidea dute eta hori errespetatu behar da».Â