Feministek salatu dute grebaren ostean erakundeek ez dietela eman «neurriko erantzunik»

Antolatzen eta mobilizatzen jarraitzera deitu du Denon Bizitzak Erdigunean plataforma feministak, «zaintzen krisia agendan mantentzeko». Agerraldiaren ondoren, manifestazioa egin dute, Bilboko etxez etxeko laguntza zerbitzuaren garestitzea salatzeko.

Agerraldi jendetsua egin du gaur Bilbon Denon Bizitzak Erdigunean plataformak. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Agerraldi jendetsua egin du gaur Bilbon Denon Bizitzak Erdigunean plataformak. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2024ko otsailaren 20a
19:44
Entzun

Iazko azaroaren 30ean lehen greba feminista orokorra antolatu ondoren, zaintza eskubide kolektiboaren alde lanean jarraituko duela berretsi du gaur Denon Bizitzak Erdigunean plataforma feministak, Bilbon egindako agerraldi jendetsu batean. Ez da izango, ordea, euskal gobernuen alboan: grebaren biharamunean egindako bilera eskaerak ez du jaso «neurriko erantzunik», feministen hitzetan. Hala, mobilizatzeko deia egin dute, «zaintzen krisia agendan mantentzeko, aktibazio soziala sustatzeko eta arduradunak interpelatzeko», Nerea Zubizarreta Monterok eta Mariana Urcuyok adierazi dutenez.

Abenduaren 1ean, greba egun «historikoaren» biharamunean, bi agerraldi egin zituzten feministek, bata Gasteizen eta bestea Iruñean, eta Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu zieten instituzio arteko mahai bat eratzeko: «Kolapso egoera honetan, zaintza langileen lan baldintzen inguruan, pribatizazioaren aurrean eta bizitza prekarioak amaitzeko urgentziazko neurriak hartzeko lehentasun osoz. Sektore ezberdinetako eragileak eta instituzio maila ezberdinak elkartzeko lan eta eztabaida mahai batean». Eskaera lehendakaritzetan egin arren, gizarte zerbitzuen sailera eta berdintasun sailera bideratu dituzte, eta solaskidetzarik ere ez diete ziurtatu: «Ez digute erantzun gaiak eskatzen duen zeharkakotasunez».

Horrez gain, Jaurlaritza zaintzaren inguruan lantzen ari den ituna kritikatu dute: «Badakigu zein erabaki hartu den orain arte: zerbitzu publikoak pribatizatzea, zaintza langileen lan baldintzetan aldaketarik ez egitea, lurraldeen arteko desorekak mantentzea... Hori ez da Euskal Herrian behar dugun eredua». Hala, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira, alderdi politikoei galdegin diete «dagokien ardura hartzea» eta lerrokatzea: «Zein neurri hartuko dituzue lehentasunez? Zein da zuen eredua, denon bizitzen aldekoa edo etekinen aldekoa?».

«Badakigu zein erabaki hartu den orain arte: zerbitzu publikoak pribatizatzea, zaintza langileen lan baldintzetan aldaketarik ez egitea, lurraldeen arteko desorekak mantentzea... Hori ez da Euskal Herrian behar dugun eredua».

DENON BIZITZAK ERDIGUNEAN

Mobilizatzen eta antolatzen segitzeko asmoa berretsi du plataformak, beraz. Urtarrilaren 28an asanblada nazionala egin zuten Gasteizen, greba prozesuaren balorazioa egiteko eta aurrera begirako pausoak zehazteko, eta ondorioztatu zuten «estrategia komunak josi» eta zaintzaren auzia «agendaren erdigunean jarri» behar dituztela. Horretarako, ezinbestekotzat jo dute greba prozesuan eragile sozial eta sindikalekin jorratutako herri akordioa lantzen jarraitzea, «edukietan adostasunak eta lehentasunak bilatzeko».

Gogora ekarri dute, gainera, greba egunaren aurreko hilabeteetan saretze lan handia egin zutela, bai asanblada feministen eta greba batzordeen bidez, bai hainbat eragilerekin aliantzak landuz: «Hego Euskal Herriko etxeko langileen kolektiboak inoiz baino saretuago gaude. Mahai intersindikalean batzen jarraitzen dugu. Zahar etxeetako senideekin elkartu gara. Berdintasun teknikarien sarearekin harremanetan jarri gara».

Etxez etxeko laguntzaren garestitzea

Aliantza horiek mobilizazioetara eraman nahi dituzte orain, eta horren adibide izan da agerraldiaren ostean egin duten manifestazioa: Bilboko udaletxera joan dira, etxez etxeko laguntza zerbitzuaren garestitzea salatzeko. Izan ere, udalak ordenantza fiskala aldatu du aurten, eta urtea hastearekin batera kuota igo die erabiltzaile ugariri, BERRIAk azaldu zuenez: urtarrilean 240 lagunek utzi zuten zerbitzua, eta beste zenbaitek laguntza ordu gutxiago hartu behar izan dute.

Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren garestitzea salatzeko manifestazioa, gaur. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren garestitzea salatzeko manifestazioa, gaur. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Mugimendu feministako kideek ez ezik, langileek eta erabiltzaileek ere parte hartu dute martxan. Pribatizazioak adinekoak bakartzen ditu edota Sacyr-ek esplotatzen gaitu lelodun kartelekin, gogora ekarri dute eraikuntza enpresa horrek kudeatzen duela etxez etxeko laguntza zerbitzuaren zatietako bat Bilbon, eta «murrizketak multinazionalei» egitea aldarrikatu dute protestan. «Oinarrizko zerbitzu bat azpikontratatzen du udalak; merkeen eskaintzen duenari ematen dio. Zer egiten du Sacyrrek? Negoziatu: adreiluekin, azpiegiturekin eta pertsonekin», esan du langile batek; «pribatizazioak langileen esplotazioa dakar, eta zerbitzua hondatzea».

Kuota «neurririk gabe» igo diotelako zerbitzua utzi behar izan duen erabiltzaile baten gutuna ere irakurri dute manifestazioaren amaieran: «Mendekotasun handia dugunok zerbitzutik bota gaitu udalak. Abandonatu egin gaitu, baina etxez etxeko laguntza jasotzea nire eskubidea da». Hala, zerbitzu «publikoa eta doakoa» galdegin dute: udalari eskatu diote prezioaren kalkuluan egindako aldaketak bertan behera uzteko eta zerbitzua publifikatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.