Grebara deitu dituzte EAEko eskola publikoetako langileak

Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek egin dute deia, urriaren 24rako. Datozen asteotarako alor publikoan dauden greba deiei beste hau erantsi nahi izan diote, propio hezkuntzarako

Grebarako deia egiteko agerraldia, atzo. ELA.
Arantxa Iraola.
2023ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek bat egin zuten atzo Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasle, heziketa bereziko langile, sukaldari eta garbitzaileak grebara deitzeko, langileen «lan baldintzen» alde. Sektore publikorako urriaren 25erako eta abenduaren 19rako eginda dauden deialdiez gain, beste bat gehitu dute propio hezkuntzarako: urriaren 24an egitea da asmoa. Premiazkoa deritzote: «Azken hamarkadan, hezkuntzako langileon lan baldintzak okertuz joan dira, eta Hezkuntza Sailaren aldebakarreko erabakiak nagusitu dira».

Aldarrikapen «asko» dituztela esan dute. «Lan zama» arintzeko neurriak eskatu dituzte. Erosahalmenaren apaltzearekin ere kexu dira: «Galdu dugun %20ko erosahalmena berreskuratzeko unea iritsi da behingoz». Lantaldeak gaztetu behar direla ere esan dute: «Bai erretiroa aurreratuz, bai eta langile guztientzat jardunaldiaren murrizketa errealak gauzatuz ere». Bide horretan lantaldeak «egonkortu» behar direla azaldu dute. Xede jakin bat dute: «Behin-behinekotasuna %8ra jaisteko eskatzen dugu». Lan eskaintza publikoen eredua sindikatuekin elkarlanean «eguneratzeko» eskatu dute.

Hezkuntza sistema eraldatzeko eskea ere badute. «Hezkuntza sistema osoa euskaldunduko duten hezkuntza politikak abiarazi behar dira». Bide horretan, hezkuntzako «langile guztiak» euskalduntzeko plan bat eskatu dute. «Hezkidetza proiektu errealak» ere galdegin dituzte.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza lege bat egiteko prozesua abian da, baina orain arte egin den bidean «lan baldintzen inguruko akordioak» lauso ikusi dituzte prozesu horretan, «zehaztasunik» gabe, eta uste dute orain arte proposatu direnekin ez zaiela erantzuten langileek mahai gainean dituzten aldarriei.

Sindikatuek dei zuzena egin diote Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari. «Langileen egunerokoa eta bizi baldintzak kaskartzen dituzten erabakiak eta hezkuntza politika prekarizatzaile eta pribatizatzailea alboratzea eskatzen diogu», azaldu dute. Eta talde politikoei ere mintzatu zaizkie: langileen lan baldintzak bertan erabakitzeko bidea ireki behar dela esan diete.

Horretarako era zein den ere zehaztu dute grebarako deia egiteko elkarlanean hitzartu duten agirian. «Madrilgo aurrekontuetan ezartzen diren mugak ontzat ez emanez, eta EAEko aurrekontuetan langileon erosahalmena berreskuratuz, enplegua sortuz eta egonkortuz, eta langileon lan baldintzak hobetzea ahalbidetuko duten aurreikuspenak adostuz», azaldu dute.

LABek ez du bat egin

LAB sindikatuak, berriz, jakinarazi du ez duela bat egingo deialdi horrekin. Uste du zerbitzu publikorako deiturik dauden bi grebetan aski argiak direla aldarriak, eta hezkuntza sistema publikoa indartzeko egokiak: «Hiru sindikatu horien greba deialdiaren aldarrikapen gehienak orokorrak dira, eta urriaren 25eko eta abenduaren 19ko aldarrikapenetan txertatuta daude. Hor dago hezkuntza publikoko langileen borroka, sektore publikoko beste langileenarekin batera». Era berean, azaroaren 30erako deituta dagoen greba feminista orokorrean ere jarri nahi du LABek «indarra» datozen hilabeteotan. Oro har, Jaurlaritzak arlo publikoarekin duen jarrera kritikatu behar dela uste du sindikatuak, bere zabalean: «Azken urteetan, Jaurlaritzak ez du behar bezalako apusturik egin zerbitzu publikoetan; murrizketak izan dira, eta zerbitzuok ahulduz joan dira».

Grebara deitu duten sindikatuen jarrera kritikatu du, LAB ez dutelako aintzat hartu: «Adostasunak bilatzeko hasierako borondaterik ez dute izan, eta LAB bazterrean uzten saiatu dira». Beren partetik «elkarlana» bilatu badute ere, besteek «zatiketa» lehenetsi dutela adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.