Gregorio Ordoñez PPko Donostiako zinegotzia eta alderdi horretako Gipuzkoako buruzagia zena oroitzeko plaka bat jarri zuten urtarrilean Donostiako alde zaharrean, haren hilketaren 25. urteurrenean. Atzo, pintura beltzez margotu zuten plaka, eta ordu batzuk geroago garbitu zuten, Donostiako Udalak hala aginduta.
Horren aurrean, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak plakari eginiko «eraso onartezina gaitzetsi» du, eta «elkartasuna, hurbiltasuna eta laguntza» eskaini dizkio familiari, «haren memoriari eginiko erasoaren aurrean».
«Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko, biktimen duintasunarekiko eta haien memoriarekiko errespetua izan behar dugu oinarri», gaineratu du Artolazabalek. Gainera, sailburuak «biktima guztiei» esan die Eusko Jaurlaritzak «jarraituko» duela «beren ondoan egoten etapa berri honetan. Jarraituko dugu ahotsa goratzen eta irmotasunez biktimen memoriaren aurkako edozein jarduketa gaitzesten. Jarraituko dugu lanean, Euskadiren etorkizunean horrelako erasoek lekurik ez dutelako uste osoz».
Jose Luis Arrue PPko Gipuzkoako buruzagiak, berriz, nabarmendu du «gizartearen parte bat gaixo» dagoela eta «gorrotoz» bizi dela.