Grenetek Frantziako Legebiltzarrerako hautagaitza aurkeztu du

UMP eskuineko alderdiarekin duen urruntasuna zehaztu du, eta nabarmendu «zentrokoa» dela

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Azken asteetan zurrumurruek ziotena egiaztatu da: Jean Grenet Baionako auzapez eta diputatua Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztuko da. Ordezko ukanen du Nicole Darrasse Angeluko UMPko hautetsia. «Zentrokoa» dela errepikatuz, UMP alderdiarekin duen urruntasuna azpimarratu nahi izan du hautagaitza aurkezteko herenegun egin prentsaurrekoan. Hain zuzen, nahiz Baionako herriko etxean aspalditik eskuina izan boterean, izan presidentetzarako izan Senaturako, azken hauteskundeetan Alderdi Sozialista atera da garaile. Nahiz jakin hauteskunde «oso gogorrak» izanen direla, badaki bozketa bakoitzak duela «bere logika». Parti Radical Valoisien alderdiaren izenean aurkeztuko da.

UMPrekin duen desberdintasuna islatzeko hainbat legeren (Hadopi, lurralde erreforma...) aurka bozkatu duela zehaztu zuen prentsaurrekoan. Haatik, hori gezurtatu zuen atzo Le Journal du Pays Basque kazetak, eta zehaztu Hadopi legearen alde bozkatu zuela. Laurence Hardouin EH Bai koalizioko hautagaiak ere salatu zuen gezurra.

Euskal departamenduari bai

Nahiz urteetan Ipar Euskal Herriaren ezagupenaren aurka egin, euskal departamenduaren alde agertu zen herenegun. Are gehiago, segurtatu zuen oztopo bat ez dela izanen gaur egun Hautetsien Kontseiluak eraman gogoetaren barnean den lurralde elkargoaren proposamenari begira. Hala ere, gaia «oso konplikatua izanki» eta lorpenik izango denik ez delako segur, mahai gainean jarri du euskal departamenduaren proposamena. Euskal Herriak duen «testuinguru baketsuak» berresten du egindako iritzi aldaketa.

Egun berean egin zuen bere prentsaurrekoa Hardouinek, zeina bosgarren barrutian aurkezten den. «Grenet maiz hor ez dagoen diputatua da; aginduen menpe da eta gangarra ere da», esan zuen hautagai abertzaleak. Legebiltzarrean ez izateagatik isunak ordaindu behar izan ditu Grenetek.

2002an irabazi zituen lehen aldikoz Legebiltzarrerako bozketak, baina, hori aitzin, 1993 eta 1997 bitartean ere egon zen Parlamentuan, Alain Lamassoureren ordezkari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.