Gizarte oso batek egindako bilakaeraren erakusgarri da Patxi Xabier Perez Goñik (Irun, Gipuzkoa, 1968) egin duena. Alardeak ukatutako plazara libururako eman zuen bere lekukotasuna, 2018an. «97an, nire emaztea emakumeak ikustera joan zen, eta bere burua islatua ikusi zuen haiengan. Esan zidan: 'Urteren batean ni aterako naiz'. Ez zitzaidan ondo iruditu». Apurka, ordea, askatu zituen ukaziora zeramaten barne korapiloak, hasi zen alarde parekidera hurbiltzen, eta urteak daramatza han: 2007tik. Emakume askorekin izan zituen elkarrizketak lagungarriak izan ziren beretzat. «Emakumeekin solasean, argigarria egin zitzaidan entzutea haiek jada neska kozkorretan zeukatela desfilatzeko gogoa. Nik uste nuen emakumeek, denek, kantinera izan nahi zutela. Haiekin hitz egin ahala gero eta sarriago pentsatu nuen: 'Zein oker egon naizen, zein itsu; zein ergela izan naizen'. Oraindik amorrua ematen dit hasieratik horretaz guztiaz ez jabetu izanak. Nola eztabaida nezakeen horren harira? Lotsatu egiten naiz». Aurten jeneral hautatu dute. Goizeko desfilea bukatu berri, hunkituta, tarte bat hartu du solaserako.
Ikusi gehiago
Ondo joan da?
Jendeak erruz egin digu txalo. Espaloiak beteta egon dira, eta eskerrak ere jende askok eman dizkigu. Argi dago; hau da etorkizuna duen alardea.
Harro alarde honetaz, ezta?
Oso harro, gainera, bi zentzutan. Edozein irundarrentzat ez dago ezer handiagoa alardeko jenerala izatea baino, eta izan zaitezkeela ez duzu imajinatu ere egiten; nik, behintzat, ez nuen egiten. Baina harro nago alarde honen jenerala naizelako: alarde hau defendatzen ari naizelako.
30 urte bete dira aldarri parekidea lehen aldiz alardean sartu zenetik. Hiru hamarraldiren ostean kargu hau hartzea ardura handia da, ezta? Harrotasuna ere bai.
Ardura eta harrotasun handia: biak. Eta eskerrak eman nahi dizkiet bide hau abiatu zutenei; haiek gabe ez litzateke posible izango. Orain dela 30 urte hasi zirenek bidea ireki ziguten eta ahalbidetu zuten milaka emakumek jaiak ospatu ahal izatea desfilatzen. Danborra jotzen, txilibituarekin, edo nahi duten eran.
Aitortza instituzionala ere egin beharko zaie egunen batean bidea urratu zuten emakume horiei...
Jakina, eta ez dut dudarik, etorkizunean aitortza instituzional hori izango dute: merezi dutelako.
Irungo Udalari aurten berriz eskatu diozue alardearen antolaketa bere gain hartzeko. Orain artean ez dizuete erantzun. Alardearen atariko egunotan egun da hurbilketarik? Keinurik?
Ez dugu inolako mezurik izan. Guk formalki aurten ere egin dugu udalak alardea antolatzeko eskaria, eta ez dugu inolako erantzunik jaso: lotsagabea iruditzen zait, haien aldetik. Baina, tira, udalean orain arteko joeran segitzen dute: beste alde batera begira. Eta halaxe jarraitzen dugu, 30 urteren ondoren ere.
«Udalean orain arteko joeran segitzen dute: beste aldera begira. Eta halaxe jarraitzen dugu, 30 urteren ondoren ere»
Irungo udalbatzarrera ere eraman zenuten eskea orain dela aste batzuk, ekitaldi sinboliko batean. Han ere hotza izan zen talde politiko gehienen erantzuna...
Bai, ekitaldi hori egin genuen, batez ere, gogora ekartzeko orain dela 30 urte lehen aldiz alarde parekidearen alde egin zen eskabidea. Bide batez, omendu nahi izan genituen urteotan aldarriarekin bat eginda egon diren pertsonak. Baina bai, zerbait gehiago espero genuen udalaren partetik, eta jarraitzen dute betiko mezua errepikatzen: bi sentsibilitate daudela, eta bakoitzak bere jaia hauta dezakeela... Bada gu, behintzat, ez gara sentsibilitate bat sentitzen. Gu udalak antolatu beharko lukeen alardea gara.
Lehen kontaketaren arabera, 2.400 kide batu ditu gaur alarde parekideak. Pozik erantzunarekin?
Oso parte hartze ona da, oso ona. Astegun buruzuri bat izateko, oso kopuru ona da. Argi dago hazten jarraitzen dugula, eta espaloietako babesa izugarria da. Jendea oso sartuta dago desfilean, eta jaietan gozatzeko gogoz, behar duen moduan. Gazte asko ditugu, gainera, desfilean. Ni oso harro nago, batez ere, ditugun mutil gazte guztiekin. Neskek gurean baino ezin dute desfilatu. Mutilek badute hautatzeko modua, eta asko gustatzen zait ikustea nola ateratzen diren beren arreben eta adiskide nesken aldamenean. Bikain ari dira.
«Finean, alarde parekidearen alde egingo duen itun politiko bat behar da»
Udalaren jarrera itxia alda daitekeela uste duzue?
Guk bultzaka jarraituko dugu, eta goragoko ateak ere jotzen ari gara. Lehengo astean, adibidez, Lehendakaritzan bilera egin genuen; lehendakariari eskatzen ari gatzaizkio bere alderdia bultzatzeko. PSE-EErekin ere bilera egitekoak gara. Izan ere, finean, alarde parekidearen alde egingo duen itun politiko bat behar da.