30 urte bazterretik erdigunera egin nahian

Irungo alarde parekidea gero eta handiagoa da: 2.400 gizon-emakumek desfilatu dute goizean. EH Bilduk eta Ahal Dugu-k erabakiak hartzeko eskatu diete agintariei.

Jai giroa Irungo alarde parekidean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Jakes Goikoetxea - Irati Urdalleta Lete
Irun
2026ko ekainaren 30a
10:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Horko hori gizonena bakarrik da; beste hau, denena». Irungo Urdanibia plaza (Gipuzkoa). San Martzial eguna. Emakume batek eskutik helduta duen umeari alarde baztertzailea seinalatu dio; gero, parekidea, emakumeek soldatu gisa ere desfilatu dezaketena, denena. Minutu gutxi falta dira alarde parekidea abiatzeko, azken 30 urteetan bezala, emakumeek ere hiriko jaiegun nagusiko festaren parte izan nahi dutela eta izango direla aldarrikatzeko. Eta gozatzeko.

Hain zuzen, 30 urte daramatzate borrokan, festa berdintasunez egin nahi dutelako borrokan. Alarde baztertzailekoek atea itxi dietelako, instituzio nagusiek beste aldera begiratu dutelako, eta, zenbaitetan, hauspotu ere egin dituztelako. Ez baitago egoera normalizatzerik. Gaur ere bi alarde egin dira Irunen: bat baztertzailea, emakumeek kantinera bezala soilik desfilatu dezaketena; bestea parekidea, emakumeek eta gizonek berdin-berdin parte hartu dezaketena, soldadu nahiz kantinera.

Alarde parekidea eta alarde parekidekoak baztertu izan dituzte, baztertzen dituzte. Baina ari dira arian-arian bazterrak irabazten: gaur ehunka lagunek egin diote txalo kale ertzetatik, eta goizeko desfilean apenas ikusi den bizkarrik. Erdigunea, kalea, irabazten: goizeko desfilean, 2.400 emakumek eta gizonek parte hartu dute, iaz baino ehun gehiagok.

Horietako bat da Aiora Fagoaga Iza, Landetxa konpainiako kapitaina. Argi mintzo da: «Pozik gaude, baina ez konforme». Pozik, «zoriontsu» bizi dutelako haien hiriko jaiegun nagusia: «Jendeak esaten digu oso desberdin bizi dugula, ez dugula ulertzen zer den; ez nago ados. Oso zoriontsuak gara. Gure herriko jaia ere bada, lortu dugu parte hartzea». Baina ez konforme: «Udalak antolatu beharko luke alardea, publikoa eta bakarra. Jarraituko dugu».

10:20an puntual-puntual abiatu da alarde parekidea San Martzial kalean gora. Txaloak eta txalo gehiago. Jendearen babes keinuek hauspotuta egin dute San Juan plazara arteko bidea. Eta han ikusi da dimentsioa: plaza hartu dute. Alarde parekideak San Juan plaza hartu du. Patxi Perez jenerala iritsi denean —aurtengoa du lehen aldia jeneral karguan—, txaloka hartu dute. «Gora Irun, gora San Martzial, gora alarde parekide eta munizipala!», oihu egin die Perezek. «Emakumeak alardean» esanez erantzun dio plazak. Duela 30 urteko eskaera, indartsuago eta babestuago.

Hitzak bai, konponbiderik ez

Udaletxeko balkoia beteta egin diote ongietorria Irungo alarde parekideari: hantxe izan dira, besteak beste, Cristina Laborda Irungo alkatea (PSE-EE) eta Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusia (EAJ), baita EH Bilduko eta Ahal Dugu-ko ordezkariak ere. Alarde baztertzaileari ere egin diote harrera EH Bildu eta Ahal Dugu-ko eledunek ez beste guztiek.

Desfilea hasi aurretik, zenbait alderdi politikotako ordezkariek babestu egin dute alarde parekidea. Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak gogoratu du «berdintasuna eskubide bat» dela eta emakumeek eskubidea dutela jaietan «modu aktiboan eta askean parte hartzeko». 

Onartu du 30 urtean aurrerapausoak eman direla, baina uste du asko falta dela oraindik. Administrazioei eta gobernuei mintzatu zaie: «Politika ausartak egin behar dituzte egoera hau aldatzeko».

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak esan du «bidea egiteko prest» daudela halako egun bat guztiek elkarrekin ospatzeko. Ez du zehaztu zer den bidea egitea. «Konponbide partekatuak eta justuak behar ditugu», gehitu du, baina ez du konponbide horiei buruzko xehetasunik eman. «Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekarpena horixe da: errespetuz, baina elkarbizitza hori aldarrikatzea, esatea merezi dugula hau guztia elkarrekin ospatzea», esan du zuzentzen duen erakundearen egitekoaz.

«Konponbide partekatuak eta justuak behar ditugu. Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekarpena horixe da: errespetuz, baina elkarbizitza hori aldarrikatzea»

EIDER MENDOZA Gipuzkoako diputatu nagusia

Alarde parekidearen aldekoek nahi dute Irungo Udalak antola dezala alardea. Udalak, baina, ez du onartu eskaera hori. Mendozak ez du iritzirik eman nahi izan horri buruz. «Nik Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean hitz egiten dut, eta uste dut argi hitz egin dudala arlo horri buruz», erantzun dio kazetariari. «Ez dakit hemengo bilakaera zein den». Azaldu du Hondarribiko alarderako «akonpainamendua» eskatu diotela Gipuzkoako Foru Aldundiari, baina Irungorako ezetz.

Mendozak nabarmendu du herrietako festak «herrien identitatearen momentu gorena» direla. «Pena handia» ematen dio Irungo jaietako egun nagusian «oraindik ere elkarbizitzaren halako hausturak ikusteak». Uste du herritar guztiek, baita gipuzkoarrek ere, merezi dutela «identitatearen egun nagusiak elkarrekin ospatzea».

Alarde parekidea San Juan plazan.

San Martzialera joan ezinik

Oihana Briones Irungo EH Bilduko zinegotziak eta Thania Pazos Ahal Dugu-koak salatu dute alarde parekidean parte hartzen duten ordezkari politikoek ezin dutela parte hartu beste ekitaldi instituzional batean: San Martzial baselizako ekitaldi erlijioso eta instituzionalean, botoa berritzeko ekitaldian. 12:00etan egiten da, eta alarde parekidea oraindik desfilatzen aritzen da ordu horretan. 

Brionesek nabarmendu du udalak antolatzen duela ekitaldi hori, eta, beraz, udalak ukatzen diela parte hartzeko aukera: «Alarde baztertzaileak, ordea, jada bukatua du desfilea ordu horretarako, eta haiek egoten dira ordezkari politiko guztiekin batera, ekitaldian elkarrekin. Azkenean, udalak bat egiten du alarde baztertzailearekin».

 

Pazosen arabera, 30 urteotan urrats «gutxi» egin dira, eta egin diren horiek «Irungo gizartea antolatu delako egin dira». Egoera aldatzeko, udalak dagokion ardura hartu behar du, Pazosen ustez: «Udalak oraindik ere hartu gabea du aspaldi hartu beharko lukeen erabaki bat: alarde parekide bat antolatzea guztiek modu berean parte hartu ahal izateko». Pazos «hunkituta» dago, aurten berak eman baitio hiriko bandera alarde parekideari. Zehazki, Bidasoa konpainiako Iker Monterok hartu du hiriko bandera.

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria ere Irunen egon da, alarde parekidea babesten. Emakumeak Irungo eta Hondarribiko alardeetan lehen aldiz parte hartzen saiatu zirenetik 30 urtera, gogorarazi nahi izan du emakumeek eskubide osoa dutela «jaietan aktiboki parte hartzeko». Bidea urratu zuten emakume haiek goratu ditu. Emakundeko zuzendariaren iritziz, «elkarrizketa» behar da «emakumeen parte hartzea egonkortzeko». Belaunaldi berriei begira jartzeko eskatu du. Estefania Okariz EAEko arartekoaren ondokoarentzat harrigarria da 30 urteren ondoren horrela egotea. 

Tentsiorik badago Irunen. Zenbait mezu zabaldu dira hirian, arratsaldean ekintzaren bat egiteko Kale Nagusian, alarde parekidearen kontra. Brionesek onartu du «beti» dutela kezka. Giroa ikusita, «lasaitasunez» jokatzeko eskatu du, eta neurriak hartzeko «neurriak hartu behar badira». Hala ere, azkenean arratsaldean ere aparteko arazorik gabe egin ahal izan zuen desfile parekideak bere bidea Kale Nagusian. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA