Guardia Zibileko UCO Unitate Operatibo Zentraleko agenteak Acciona enpresaren Bilboko egoitza eta Noran eta Erkolan enpresen Donostiako egoitzak miatu ditu, Cerdan auziarekin lotura izan dezaketelakoan, berri agentziek jakinarazi dutenez. Espainiako Auzitegi Goreneko Leopoldo Puente epaileak irekitako pieza sekretu baten parte da diligentzia, eta xede izango luke Espainiako Garraio Ministerioak Jose Luis Abalos ministro ohiaren gidaritzapean Accionari egindako adjudikazioetako ustezko irregulartasunak ikertzea.Â
Efe albiste agentziaren arabera, Auzitegi Gorenak martxan duen pieza nagusitik eratorritako ikerketa bati dagokio ekinbidea. Hartan, Abalosekin batera, PSOEko Antolakuntza idazkari ohi Santos Cerdan eta Koldo Garcia aholkularia ere ikertzen ari dira. Jakinarazi dutenez, Euskal Herritik kanpo ere zenbait miaketa egiten ari dira; albiste agentzia beraren arabera, Accionaren Madrilgo egoitzan eta Sevillako eraikin batean. Ez da, baina, atxiloketarik espero.
Santos Cerdanen kontrako auzian, auzitegiak ikertzen ari dira ea Accionari esleitutako zenbait obra publikotan irregulartasunak ote dauden. Obra publiko horietako bat da Belateko tunelarena. Hura Accionak, Servinabarrek eta Oses Construcciones enpresak osatutako alde baterako enpresa elkarteari adjudikatu zion Nafarroako Gobernuak, eta lurralde hartako parlamentuan martxan den ikerketa batzordeko gai nagusia izan da asteotan. Hain zuzen, Cerdani egozten diote Servinabarren jabeetako bat izatea.
Erkolan eta Noran kooperatiben erregistroen oinarrian, berriz, horien eta Servinabarren arteko ustezko harremana legoke. Antxon Alonso enpresariak sortu zuen Noran, Servinabarren jabeak. Erkolan, berriz, Cerdanen arrebari lotua legoke. Zenbait hedabideren arabera, biek ere dirua jaso dute Servinabarren partetik.Â